'Oporrak Bakean' proiektuan parte hartzeko aukera, zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 18:39
Lasarte-Oriako zortzi familiak parte har dezakete 'Oporrak Bakean' egitasmoan. Argazkian, iaz egindako bilera informatibo bat.

Lasarte-Oriako Udalak 'Oporrak Bakean' proiektu solidarioan parte hartzeko deia egin du: zortzi familia behar ditu, udan oporrak pasatzera Lasarte-Oriara etortzen diren haur sahararrak hartzeko; gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan.

Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetako (Aljeria) baldintzak oso gogorrak dira han bizi diren milaka eta milaka sahararrentzat, urte osoan zehar. Are gehiago udan. Hori dela eta, Oporrak Bakean egitasmoa sortu zuen Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak; aukera ematen die kanpaleku horietan bizi diren zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei udako oporraldia pasatzera etortzeko. Hainbat elkarte, eragile, udal eta familiak parte hartzen dute programa horretan. 

Lasarte-Oriako Udalak adierazi du zortzi familia lasarteoriatar  behar dituela, haur horiek hartu eta uztaila eta abuztua elkarrekin pasatzeko. Interesa duten familiek gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan. 650 488 108 telefonora deitu dezakete, edo, bestela, gizartez@lasarte-oria.org helbide elektronikora idatzi.

Hainbat helburu ditu Oporrak Bakean egitasmoak: Tindufeko kanpalekuetan bizi diren haurrei aukera ematea euren egoera latz horretatik pare bat hilabetez ateratzeko; euren osasun egoera zein den ikusteko azterketa mediku orokorrak egitea; eta haur horiek indarberritzea, zeregin horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak euren eskura jarriz. 

Erreferendumaren zain 

Tindufen bizi diren sahararrek 40 urte baino gehiago daramatzate han. Euren sorterritik ihes egin behar izan zuten, Mendebaldeko Saharatik, 1975. urtean, Marokoko eta Mauritaniako armaden eraso eta legez kanpoko okupazioaren ondoren. Argeliara joan ziren milaka pertsona, eta bertan bizitzen hasi, ahal zuten bezala.

Fronte Polisarioa, Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimendua, 1973an sortu zen. Handik hiru urtera, SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa. Urte ugari eman zituzten gerran Mauritania eta Marokorekin. 1979an eta 1991n sinatu zituzten su-etenak bi herrialde inbaditzaileekin, hurrenez hurren. Hori baino lehen, 1987an, Marokok 2.700 kilometroko horma bat eraikitzeko lanak bukatu zituen Mendebaldeko Saharan, lurralde okupatuak besteengandik bereizi eta errefuxiatuen itzulera saihesteko. Marokorekin su-etena sinatu eta gutxira, autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko urratsak egiten hasi zen NBE, baina oraindik ez dute euren etorkizunari buruz erabakitzeko aukerarik izan.