EAJ: "Lurpeko zabor-ontziak ezabatzea erabaki politikoa beharko luke"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 14a, 13:43

Lasarte-Oriako EAJ-PNVk udal taldeak zaborren edukiontzi lurperatuei buruzko prozesu parte-hartzailerako herri galdeketan emandako bozka azaldu nahi izan gu, ohar bidez

EAJ udal taldeko bozeramailea den Jon Antxordokik bere taldearen abstentzioa baloratu du. Alderdi jeltzalearen hauteskunde programan lurperatuen gaia zegoela gogoratu du. "Gure ustez, lurperatuak kentzea erabaki politiko bat da, bere garaian instalatzea izan zen bezala. Gure ustez, erabaki hori, gainera, nahikoa babestuta dago udalean ditugun txosten teknikoekin. Txosten horiek zorrotzak dira, eta EAJk lurpekoak kentzeko eta lur gaineko edukiontziak udal mailan ezartzeko aukera babesten dute".

Erabakia kontsulta baten bidez hartzearen alde ez dauden arren, horren alde lan egin dutela argi utzi du. "Udalean barruan lan egin dugu gobernu taldeak aurkeztutako hasierako proiektuari zuzenketa eta hobekuntza ezberdinak proposatuz. Proposamen horiek mahai batean aurkeztu eta negoziatu ditugu, eta EAJk hasieratik argi utzi du gure jarrera kontsulta hau ez egiteari dagokionez."

Era berean, EAJko bozeramaileak etorkizuneko kontsultari dagokionez alderdiaren jarrera azaldu du. "Gure jarrera lurpeko zabor-ontziak kentzearen aldekoa izango da. Arazo asko sortzen dituzte, eta, ekonomikoki, urtean 100.000 euro inguruko kostea suposatzen dizkiete udal-kutxei. Gainera, uste dugu gure udalerrian gaikako bilketaren gorakadan jarri behar dugula arreta. Bilketa hobetzearen inguru EAJ-PNVk proposamenak egin ditu jada, bai gobernu-taldeari bai oposizioko gainerako taldeei".