CIMASUB zikloko zuzendari eta Real Sociedadeko Itsaspeko saileko kidea David Sanchez Carretero, Jesus Mari Eguizabal Danok Kide elkarteko ordezkaria, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Maite Iglesias Kultura zinegotzia Lasarte-Oriako CIMASUB 2020 edizioaren berri eman dute gaur eguerdian.
Otsailaren 10ean, 17an eta 24ean Donostiako CIMASUB zikloan lehiatutako lanez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Guztira 27 film labur eta lau dokumental eskainiko dira. Aurkezpenean azaldu dutenez, kalitate handiko lanak izango dira ikusgai egunero. "Nazioarteko, zein estatuko lehiakideak egon dira, baita Euskadikoak ere," zehaztu du David zikloko arduradunak. Zikloa gutxik gehiagora joango da eta azken egunean, esate baterako, saritutako lanak eta Rafael Herrero errealizadore eta itsas kamararen lanetan oinarritutako film laburra eskainiko dituzte.
"Itsasoko eta itsas hondoko errealitatea herritarrei ezagutaraztea da gure helburua," azaldu du Sanchez Carreterok. Horregatik, ekologia eta itsasoaren zaintza presente izango da hainbat lanetan.
Haurrak eta erakusketa
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 170 haurrek eurentzako bereziki egingo den Txikizikloa izango dute, otsailaren 24ean. "Real Sociedad fundazioari esker, lan garrantzitsua egiten ari gara Donostian, Lasarte-Orian eta beste herri batzuetan gazteek itsasoa maite eta zain dezaten erakusteko. Haiek dira etorkizuna," aipatu du Sanchez Carreterok.
Proiekzioez gain, itsas hondoko fauna, flora edo kutsaduraren ondorioak ikusteko beste tarte bat ere izango da, argazki erakusketa.
CIMASUB lehiaketako 23 argazki egongo dira erakusgai. Horien artean, lehiaketa irabazi zuten bost irudiak nabarmenduko dira.
Lasarte-Oriako zikloak iraun bitartean, otsailaren 10etik 27ra, Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian izango da erakusketa. Astean zehar irekiko ditu ateak 17:00etatik 21:00etara.
Zikloko antolatzaileek eta udal ordezkariek herritarrei ziklora hurbiltzeko gonbita egiten diete.