Unai Rebe eta Mikel Begiristain, Gipuzkoako fasera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 5a

Ezker-eskuin: Haritz Urkia, Jon Pello Artetxe, Unai Rebe eta Mikel Begiristain. Argazkia: Unai Rebe.

Euskal Herriko XI. Mus Txapelketa martxan da. Lasarte-Oriako kanporaketa, iaz bezala, Unai Rebek eta Mikel Begiristainek irabazi dute. Jon Pello Artetxe eta Haritz Urkia garaitu dituzte finalean. Zazpi bikote aritu dira Xirimiri elkartean, asteburuan.

Unai Rebe eta Mikel Begiristain sailkatu dira Euskal Herriko XI. Mus Txapelketako hurrengo sailkapen fasera. Gipuzkoakora, alegia. Lasarte-Oriakoa irabazi dutelako –bigarren aldiz jarraian– poltsikoratu dute txartel hori. Otsailaren 29an ariko dira, larunbatez, Seguran. Ederki aritu ziren iazko Euskal Herrikoan: zazpigarren postuan geratu ziren.

Zazpi bikotek parte hartu zuten herri mailako kanporaketan, Xirimiri elkartean, larunbat arratsaldean. Jon Pello Artetxe eta Haritz Urkiaren aurka jokatu zuten finala Rebek eta Begiristainek. Hiru ustel lehenago nork egingo; bakoitza, 30 tantora.