Mikel Begiristain-Unai Rebe bikotea, zazpigarren Euskal Herriko Mus Txapelketan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 19a, 12:12
Mikel Begiristainek (ezkerrean lehenengoa, kartak banatzen) eta Unai Rebek (eskuinean, diagonalean) txapelketa bikaina jokatu dute. Argazkia: EHko Mus Federazioa.

Lizarran jokatu da Euskal Herriko XI. Mus Txapelketako finala. Txapelak ez dira Nafarroatik atera: Mikel Goñi eta Dani Zunzarren iruindarrek jantzi dituzte. Karibera bidaiatzetik bi partidara gertu geratu dira Unai Rebe eta Mikel Begiristain; final laurdenetan kaleratu dituzte. Lasarte-Oriako beste bikotea, Beñat Esnaola-Xabier Arteaga, final hamaseirenetara iritsi da.

Lasarte-Orian muslari trebeak daude. Euskal Herriko Mus Txapelketan frogatu dute: bi bikote joan dira Lizarrako finalera, eta azken fasean sartu. Mikel Begiristain eta Unai Rebe ederki aritu dira, eta final laurdenetara iritsi. Herritar batzuek inoiz lortutako emaitza onena izan da. Karibera bidaiatzetik bi partidara geratu dira. Beñat Esnaola eta Xabier Arteaga final hamaseirenetan kanporatu dituzte. Txapelak ez dira Nafarroatik atera: Mikel Goñi eta Dani Zunzarren iruindarrek jantzi dituzte. Joseba Telleria eta Joseba Gabilondo legazpiarrak izan dira txapeldunordeak, iaz bezala. Final handia galdu dute, baina kontsolazio sariak kendu die porrotaren zapore mingotsa: 1.500 euro poltsikoratu dituzte, eta Karibera joateko bi lagunentzako bidaia irabazi. Txapeldunek 3.000 euro zakuratu dituzte, eta bidaia lau lagunentzako izango da.

Lasarte-Oriako Xirimiri elkartean jokatutako kanporaketan ekin zioten bideari herriko bi bikoteek. Begiristainek eta Rebek irabazi zuten, eta jokoan bi txartel zeudenez, Arteaga eta Esnaola ere sailkatu ziren Gipuzkoako faserako. Zaldibian jokatu zuten bigarren kanporaketa hori, otsailaren 23an. Bi fase pasa zituzten han eta Euskal Herriko finalera sailkatu. Arauak, hauek: lau erregetara, eta 30 tantoko hiru ustel nork lehenago egingo.

128 bikote Lizarran

Lizarran elkartu ziren Euskal Herriko muslari bikote trebeenak, larunbat goizean. La Bota elkartean aritu ziren enbidoka eta hordagoka izena eman zuten 128 bikoteak. Tartean, esan bezala, lau lasarteoriatar: Mikel Begiristain-Unai Rebe eta Beñat Esnaola-Xabier Arteaga. Biak sartu ziren 32 onenen artean, goizeko ligaxkan ederki aritu ostean.

Final hamaseirenak elkarren ondoan jokatu zituzten bi bikoteek. Ez ziren biak sailkatu, ordea; aurrera egin zuten Rebek eta Begiristainek, eta fase horretan txapelketari agur esan Esnaolak eta Arteagak. Txapelketaren azken txanpan ez dago partida errezik; final hamaseirenetan eta zortzirenetan 3-2 irabazita egin zuten aurrera herritarrek, eta txapelketako zortzi onenen artean sartu. Jose Luis Bastida eta Natxo Ruiz arabarren aurka jokatu zuten finalerdietara pasea, eta 3-1 galdu zuten. Zazpigarren postuan sailkatuta, ardo eta sagardo botila batzuk eta 250 euro irabazi zituzten.

Txapel gehienak, Gipuzkoara

2009. urtean jokatu zen Euskal Herriko Mus Txapelketa aurrenekoz. Pedro Olarte eta Alberto Fernandez gasteiztarrek jantzi zituzten txapelak. Arabak orain arte lortu duen bakarra izan da. Orduz geroztik, Gipuzkoara joan dira gehienak: hamaikatik lau, hain justu. Azken bost edizioetatik hiru (2015, 2017 eta 2018) probintzia horretako muslariek irabazi dituzte. Nafarroak bi txapel ditu; Behe Nafarroak, beste bi; eta Bizkaiak eta Lapurdik, bana. Zuberoa ez da estreinatu oraindik.