SANTA AGEDA

Etxeko txikienak, makilak astintzen lehenak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 4a, 13:04

Garaikoetxea-Landaberriko ikasleek gaur goizean egin dute oles, zentro horretako patio estalian. Eguraldi txarra eta euria uxatu nahi izan dituzte Santa Ageda bezpera eguneko doinuak abestuz.

Goizeko 11:45. Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeko gaztetxoen emanaldia, hastear. Zalaparta eta makil hotsak zentroko pasiloetan. Eta, kanpoan, guraso eta senide andana, etxeko txikiak kantuan ikusteko irrikitan. Eta, zerutik, euria, barra-barra.

Erdigunean barrena ibiltzekoak ziren ikasle eta irakasleak, baina, eguraldi kaskarra tarteko, erabaki dute ikastetxean bertan geratzea, eta patio estalian ospatzea Santa Ageda bezpera. Borobilean bildu dira. Abesten hastear zirela gerturatu dira guraso eta senideak; haurrak baino gehiago ziren ia. Santa Ageda kantatu dute birritan, eta baita Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Oles, oles, lurra esna zaitez! gero eta ezagunagoa ere.

Landaberri ikastetxeko LH6 mailako ikasleak Brigitarren komentura joango dira gaur arratsaldean, 16:45ean. Herriko hainbat elkarte ere ibiliko dira santa eskean, 18:00etatik aurrera.

Erlazionatuak