Oles egingo dute herrian zehar, Santa Ageda bezperan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 3a, 17:21

Herriko ikastetxeek eta hainbat eragilek Santa Ageda bezpera ospatuko dute gaur, egun osoan zehar. Ikasle eta irakasleak ariko dira goizean; arratsaldean berriz, Erketz, Xumela, Earra bertso-eskola eta Zabaleta Auzolan.

Goibel dago zerua, euria goian-behean, baina horrek ez ditu hoztuko herritarren eztarri eta bihotzak. Oles egingo dute gaur, Santa Ageda bezperan, egun osoan zehar. 

Garaikoetxea-Landaberriko txikien txanda izango da goizean: 11:50ean eskainiko dute emanaldia, ikastetxe horretako patio estalian. Erdigunera jaistekoak ziren, baina eguraldi txarrak aldatu egin ditu haien planak. 

Elkarte eta eragileak arratsaldean zehar ariko dira kantuan. Erketz EDT dantza taldeko kideak euren lokaletik abiatuko dira, arratsaldeko seietan. Herrian zehar ariko dira lehenengo, eta Urnieta Bideko baserrietara joango dira gero. Buenabista sagardotegian afalduko dute. Zabaleta Auzolan elkartea auzoan barrena ibiliko da oles egiten; 18:00etan hasiko dira eurak ere. Ordu erdi beranduago, 18:30ean, Xumela koruak, Earra bertso eskolak eta txistulariek astinduko dituzte makilak, erdigunean. Jalgi tabernan hasiko dira.