U30EKO GREBA OROKORRA

Duintasuna aldarri eta helburu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 30a, 19:59

Ehunka eta ehunka herritar manifestatu dira gaur arratsaldean Lasarte-Orian barrena: pentsio, lan eta bizitza duinen alde irten dira kalera, greba batzordearen deiari erantzunez. Pentsionistak, langileak, gazteak, mugimendu feministako kideak... Lan munduko prekarietateak astintzen dituen kolektibo guztiak jarri dira aldarrikapen afixaren atzean.

Lan, pentsio eta bizitza duinak. Eskubideen Gutun Sozialeko eragileen aldarriak bere egin dituzte ehunka lasarteoriatarrek, eta kalera atera dira, manifestatzera, aldarrikatzera, borrokatzera. Arratsaldeko seietan abiatu da Okendo plazatik Lasarte-Oriako greba batzordeak antolatutako mobilizazioa. Euria ez da aitzakia izan.

Okendotik, eskuinera hartu, eta Kale Nagusian murgildu dira manifestariak. Bertan zeuden Lasarte-Moria mugimendu feministako hainbat kide, afixa moreak eskuetan, mugimendu sozial horri buruzko estereotipo eta aurreiritziz beteak. Txalo artean hartu dituzte mobilizazioan zihoazen herritarrek. Geroxeago elkartu dira, feministek euren afixak sutara bota dituztenean. "Gora borroka feminista!" izan da gehien entzun den aldarrietako bat. Hori baino lehen, Largoenea kaleko biribilguneari buelta eman diote protestara atera diren ehunka herritarrek.

Kale Nagusian barrena jarraitu dute, eta Tajamar errotondatik gora gero, Atsobakar aldera. Han egin dute arratsaldeko bigarren geldialditxoa: gazte mugimenduetako kideek salatu dute langileek jasan behar duten prekarizazioa, eta azken urteetan hil diren behargin guztiak gogoratu. Nabarmendu dute 2020. urteko lehen hilabetea ez dela bukatu oraindik, eta dagoeneko bederatzi zendu direla. Bengalak ere piztu dituzte. 

"Ofentsibara pasa gara"

Atsobakarretik jaitsi, Tajamarretik behera joan, Pintore kalea aurrena, Geltoki gero...eta Okendora. Manifestazioa hasi den toki berean bukatu dute protesta ekitaldia herritarrek. Manifestu bat irakurri dute orduan greba batzordean dauden hainbat kolektiboetako kideek.

"Jardunaldi historikoa izan da; ofentsibara pasa gara", zehaztu dute. Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko erakundeei galdegin diete euren aldarriak kontuan hartzea. "Neurri batzuk bihar bertan aplikatu ahalko lirateke, borondate politikoa egongo balitz". Beste aldarri batzuei hitz egiten hasteko, uste dute "funtsezkoa" dela "marko politiko berri baten" beharra: "Erabakitzeko eskubidea egikaritu behar dugu, etorkizuna gizarteak erabaki dezan, eta ez transnazionalek". 

Gogoratu dute prekarietatea "oso presente" dagoela lan munduan, eta "bizitzaren alor askotan" ere bai. "Pentsioek indarra galtzen dute, batez besteko soldatak behera doaz, alokairuen prezioak gora... Non dago oasi hori? Kokoteraino gaude mundu on batean bizi garela entzuteaz".