U30EKO GREBA OROKORRA

Urtarrilaren 30eko greba orokorra Lasarte-Orian: honela kontatu dugu goizak emandakoa

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 30a, 13:06

Urtarrilaren 30eko greba orokorra Lasarte-Orian. Goizeko ekintzak eta gertakariak zuzenean jarraitu eta kontatu ditu TXINTXARRI aldizkariak.

07:30. Lasarte-Oriako greba batzordeak egindako deiari erantzunez, hainbat ibilgailu atera dira Hipodromotik, kotxe karabanan, klaxonak joz. Herriko lantoki eta poligonoetara joan dira.

08:30. Kalebira abiatu dute pikete informatiboek, herrian zehar. Dendetara eta komertzioetara joan dira, grebari buruz informatzera eta ixteko eskatzera. Batzuek hori egin dute –BM supermerkatuak, kasu–. Bien bitartean, herritar talde batek performance bat egin du, banketxeen jarduna kritikatuz: Kutxa eta Santander parean pertsonen zukua eskaini diete bertatik pasatzen ziren herritarrei. Pentsionistak, gazteak, langileak...zukutu dituzte, eta basoak eskaini gero, "komisio" ugari kobratu eta gero.

09:01. Pikete informatiboek urtarrilaren 30eko greba orokorrari buruzko informazioa itsatsi dute kale-garbitzaile baten ibilgailuan. Lekukoen eta kazetarien arabera, "oldarkor" atera da langilea bertatik. Ertzainak etorri dira orduan, eta grebalari bat identifikatu. Makina geratu ote duen edo ez, horri buruz eztabaidatu dute minutu batzuez. Polizia gehiago etorri dira gero, armak eskuetan zituztela batzuk, eta kazetari eta argazkilari bana ere identifikatu dituzte. Bien bitartean, honako aldarriak entzuten ziren Hipodromo etorbidean: "Adierazpen askatasuna!", "Gaur greba eguna da!" eta antzekoak.

09:30. Buruntzaldea mailako hitzordura deituta zeuden eskualde horretako herritarrak. Jende ugari gerturatu da. LAB sindikatuko ordezkari Elias Miner aritu da hizketan ertzainekin, eta grebalariei mintzatu gero: "Esan dute hiru pertsonak bakarrik sartu ahalko dugula". Urbil parean bildutako pertsonek erabaki dute denak batera joatea merkatalguneratz; poliziek hiru kide utzi dituzte pasatzen, eta indarra erabiltzen hasi dira gero, oldarkor, besteei sarrera eragozteko. Batzuek, hala ere, lortu dute barrura sartzea. 

09:45. Michelin lantoki alboko errepidea, itxita. 

11:00. Urbilera gerturatutako jendea trenerantz joaten hasi da, edo bizikleta hartzera, Donostiako manifestaziora joateko. Grebalari ugari Urbilen geratu dira, hala ere; Eroski gasolindegira joan dira batzuk, ibilgailuei bertan sartu eta erregaia kontsumitzea eragoztera. Liskarrak izan dituzte ertzainekin bertan ere.