U30EKO GREBA OROKORRA

Erdigunean, jarraipen handia; auzoetan, gutxiago

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 30a, 12:41

Urtarrilaren 30a da gaur, greba orokorraren eguna. Herrian, auzoaren arabera, jarraipen handiagoa edo apalagoa izaten ari da. Erdiguneko komertzio gehienak itxita daude esate baterako, baina handik kanpora, ostalaritza negozio eta denda partikular ugari daude irekita. Udal zerbitzuak ere zabalik daude.

Lasarte-Oriako greba batzordeak antolatutako kotxe karabanak esnatu du herria, 07:30ean. Hipodromotik atera dira orduan hainbat ibilgailu, U30eko greba orokorraren afixak itsatsita zituztela, eta klaxonei egurra ematen. Herriko lantegi eta poligonoetara joan dira pikete informatiboak. Michelin lantegian, esate baterako, langileen herenak bat egin du deialdiarekin, LAB sindikatuko ordezkariak adierazi duenez. Zonalde horretan itxita daude hainbat fabrika, baina beste batzuek lanean dihardute. Hori da egoera erdigunetik kanpoko auzoetan: lanuztearen jarraipena zentroan baino apalagoa izan da. Itxita daude komertzio batzuk, baina zabalik beste batzuk.

Erdigunean –Geltoki kalean eta Kale Nagusian– grebaren jarraipena handia izan da. Goizean goizetik itxita zeuden hainbat negozio, eta beste batzuek piketeak pasa eta gero jaitsi dituzte pertsianak. 08:30ean hasi dute kalebira pikete informatiboek, eta ordubete beranduago bukatu. Bien bitartean, herritar talde batek performance bat egin du Kutxa eta Santander parean, bankuen jardunari kritika zorrotza eginez: pertsonen zukua edatea eskaini die ondotik pasatzen ziren herritarrei, laranjekin egina, eta hainbat komisio kobratu eta gero: pentsionistak zukutu dituzte, gazteak, langileak... 

Tentsio uneak bizi izan dira Hipodromo etorbidean. Pikete informatiboak Kutxa aldera zetozen, kale-garbitzaile batekin topo egin dutenean. U30eko grebaren afixa bat itsatsi diote ibilgailuan; langilea irten egin da handik, lekukoen arabera, jarrera oldarkorrarekin. Ertzainak etorri dira orduan, eta grebalari bat identifikatu dute, makina geratzea egotziz. Eztabaidan aritu dira identifikatu bitartean. Polizia gehiago etorri dira orduan, eta lanean ari ziren kazetari eta argazkilari bana ere identifikatu dituzte.

Ez dira goizeko identifikazio bakarrak izan. Herritar talde bat Michelin lantegi ingurura joan da, eta ondoko errepidea itxi du, kate batzuk erabiliz. Aurrera egin ezinik geratu dira hainbat auto eta kamioi. Bertatik Urbil merkatalgunera zihoazela, ertzainek taldea geratu eta bi kide identifikatu ditu.