TXINTXARRI-ren erabakia urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 21:00

TXINTXARRI aldizkariko lantaldeak bat egin du osteguneko greba deialdiarekin. Lanuztea urtarrilaren29an egingo du, web orrialdea eguneratu gabe utziz; urtarrilaren 30eko grebaren berri emango du, egun horretako ekitaldiak kubrituz, herriko greba batzordeak hainbat ekintza iragarri baititu egun horretarako. Urtarrilaren 31n argitaratuko du paperezko zenbakia, 1492.a.

Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala osatzen duten sindikatu eta eragileek greba orokorrera deitu dute datorren asteko ostegunean, urtarrilak 30. Pentsionistek bi urtez etengabe aldarrikatzen ari direnak oinarritzat hartuz, "jauzi bat" egitea erabaki dute, "lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan". TXINTXARRI-ko lantaldeko kideek greba egitea erabaki dute, besteak beste, lan munduko hainbat eta hainbat sektoretan gertatu bezala, prekarietatea ere oso presente dagoelako komunikabideetan. 

Hori guztia esanda, irakurle, esku artean daukazun aldizkari hau egiten dugun langileok argi daukagu herritar guztiek informaziorako eskubidea daukatela, eta, hori bermatze aldera, urtarrilaren 30ean herrian antolatu diren ekintzen jarraipena egingo du TXINTXARRI-k, eta aldizkaria inprimatzera bidali, ostegunero bezala, herritarrek ostiralean irakur dezaten azkenaldian Lasarte-Orian gertatu dena, eta greba orokorrak emandakoaren berri izan dezaten. Aldizkariko langileok, beraz, lanuztea egun bat lehenago egitea erabaki dugu; alegia, urtarrilaren 29an, asteazkenez, egun osoz. Webgunea ez dugu eguneratuko egun horretan, eta urtarrilaren 31n zuen etxeetan jasoko duzuen aldizkarian islatuko ditugu greba egin izanaren ondorioak. Gertutasunez eta euskaraz informatzen jarraitu nahi dugulako, baina ahalik eta baldintza duinenetan.