Lasarte-Oriako greba batzordearen aurkezpena: eragile sozialetako kideen arrazoiak lanuztearekin bat egiteko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 12:58

Lasarte-Oriako greba batzordean daude gazteen kolektiboa, Lasarte-Moria mugimendu feminista eta herriko zenbait pentsionista. Urtarrilaren 30ean greba egiteko dauzkaten arrazoiak esplikatu dituzte.

OIHANE ETXEZARRETA - GAZTEEN KOLEKTIBOA

"Ni Oihane naiz, 19 urte ditut eta bolera naiz. Ikaslea naizen arren lan batzuk ere izan ditut, zaintza lanei lotuak, kontraturik gabekoak eta prekarioak, emakume gazteoi egokitzen zaizkigun horietakoak. Gizarte Langintza ikasten ari naiz unibertsitatean, baina badakit honek ez didala lan duin bat bermatuko etorkizunean. Nire inguruan jende gutxi ezagutzen dut ikasi duen horretan lan eigten duena, eta, gehienak, lan prekarioetan dabiltza. Badirudi behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, lan ordu asko eta soldata baxuak, langabezia...direla gazteon patua lan munduari begira.

Nire lagun batek, 25 urteko batek, aurrekoan esaten zidan 57 urte dituen bere aitak baino lan kontratu gehiago izan dituela jada. Langile pobre izatera kondenatu nahi gaituzte. Gurasoen etxean bizi naiz eta ez dakit noiz independizatu ahalko naizen, etxebizitza eskubide bat dela dioten arren alokairuen prezioaren batez bestekoa 1.000 eurotik gorakoa dela kontuan izanik, gazteon batez besteko soldata baino altuagoa, eta zer esanik ez emakume gazteona. Emakumea, gaztea eta bollera. Etorkizun beltza. Borrokarako grina, etorkizuna koloreztatzekoa. Nik ere, urtarrilaren 30ean, greba orokorra!"

SAIOA GOMEZ - LASARTE-MORIA MUGIMENDU FEMINISTA

"Ni Saioa naiz eta 36 urte ditut. Irakaslea naiz Lasarte-Oriako institutuan eta Lasarte-Moriako kidea. Argi daukat bai hezkuntzatik, bai langile bezala eta bai feminista bezala borrokatzea dagokidala sistema heteropatriarkal kapitalista eta arrazista honi aurre egin eta bizitza eta zaintzak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko. Egunero ikusten dut emakumeontzat gutxi batzuek idazten duten etorkizuna eta kondenatu nahi gaituzten patua niregan edo nire inguruko emakumeengan. Enpleguari eta pentsioei dagokionean soldata eta pentsio arrakalak, diskriminazio eta jazarpen anitzak, lanaldi partzialak, pobrezia, langabezia tasa altuagoak, etxeko langileen erregimen berezia...

Lan eremu formaletik kanpo ere zaintza lanak gure gain. Izan ere, Martxoaren 8ko bi greba feministetan argi utzi genuen moduan, sistema honek ez du funtzionatzen emakumeok dohainik eta modu ikusezinean egiten dugun lan erreproduktibo guzti horiek gabe. Greba egunean ere, nork ahalbidetuko du gizon guzti horiek goizean goiz piketeetan egon ahal izatea? Nork prestatuko die hamaiketakorako bokata? Nork kafea? Nork garbitu dizkio jantzita daramatzan galtzontziloak? Nork jarri ditu hortzetako pasta eta zepilloa komun garbi-garbian hortzak garbitu ditzan? Nork zainduko ditu bere seme-alabak bera pikete eta manifetan kalean, espazio publikoa okupatzen duen btiartean? Eta hurrengo egunean? Ni ere urtarrilaren 30ean ez naiz lanera joango, amantala balkoian zintzilikatuko dut, brazalete morea jantziko dut eta enplegu eta zaintza greba egingo dut!".

JOXE MANUEL ARANBURU - PENTSIONISTA

"Ni Joxe Manuel naiz eta pentsioduna naiz. Bizitza osoa daramat lanean eta azken urteetan ongi izerdituta zegokidan pentsioan ematen ari diren murrizketak pairatzen ari naiz. Etorkizuna are beltzagoa ikusten dut borrokatzen ez badugu. Ez da harritzekoa aurretik Oihane eta Saioak deskribatu duten lan munduko egoera kontuan izanda. Izan ere, lan duinik gabe ez dago pentsio duinik! Baina badaude nirea baino beltzagoak ikusten ditudan egoera eta etorkizunak, eta horregatik ere borrokan dihardut.

Bereziki, gazteena eta emakumeena. Bide honetatik jarraituz gero, gazteek ez dute pentsiorik inoiz jasoko. Eta astelehenero nirekin batera mobilizatzen diren emakume pentsiodunen egoera oso gogorra da. Anaren kasua, esaterako. Bere bizitza osoa eman du lanean, etxetik kanpo eta etxean bertan, bere ingurukoak zaindu eta goxatzen. Baina orain ez dauka berotuko duen inor, ezta dirurik negu gorrian kalefakzioa jartzeko ere. Bere pentsioa 500 eurotik beherakoa da, emakume alargunen laurdenarena bezala. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin osatzen du bere hileroko diru sarrera, baina horretan ere murrizketa murrizketaren atzetik! Beraz, gugatik, emakume pentsiodunengatik eta gazteengatik, ni ere urtarrilaren 30ean grebara!".