PENTSIONISTAK

Itxaropentsu, baina ez konforme

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 20a, 16:24

Lasarte-Oriako Pentsionisten Koordinakundearen deiari erantzunez, ehun bat pertsonak parte hartu dute pentsio duinen aldeko elkarretaratzean. "Borrokan jarraituko dugu, gure aldarrikapen nagusiak betetzen direla ikusi arte".

Urtarrilak 20 ditu gaur. Astelehena da. San Sebastian eguna. Donostia aldera joan dira herritar ugari, haurren danborradez gozatzera. Pentsionistek, ordea, asteleheneroko hitzorduari eutsi diote: ehun bat pertsona gerturatu dira Okendo plazara, pentsio duinak jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatzera.

Pasa den astean egin bezala, Lasarte-Oriako Pentsionista eta Erretiratuen Koordinakundeko kideek nabarmendu dute "itxaropentsu" daudela, Espainiar estatuan sortu den koalizioko gobernuak euren eskaerak aintzat hartuko dituelakoan. "Pentsioak %0,9 igotzea adostu du ministro-kontseilu berriak, KPIa 2020an zehar portzentaje hori baino gehiago igoz gero, berrikusteko klausula bat ezarriz", azaldu dute. "Neurri horren atzetik beste asko etortzea espero dugu", gehitu dute. 

Euren aldarrikapen nagusiak zeintzuk diren azaldu dute gaur ere: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzea; KPIa bezainbeste igotzea pentsioak urtero, gutxienez; generoen arteko arrakala desagertzea; eta Pentsio Sistema Publikoaren bideragarritasuna ziurtatuko duen finantzazio politika bat diseinatzea, besteak beste. "Borrokan jarraituko dugu, gure eskaera garrantzitsuenak lortu arte; batasuna ezinbestekoa da gure helburuak lortzeko".

Greban parte hartzeko deia

Elkartzen diren bakoitzean mikrofonoa herritarren eskura jartzen dute koordinakundeko kideek. Joxe Manuel Aranburu eta Xabier Orozek hartu dute hitz egiteko txanda. Urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorreko ekintzekin bat egitera animatu dituzte lasarteoriatarrak. "Pentsionistak garenok ezin dugu greba egin, baina parte hartu dezakegu egun horretan antolatuko diren ekintzetan". Orduak zehazteke daudela esan dute, baina egingo direla ekintza bat baino gehiago: goizean, kalejira bat, lan munduan emakumeen egoera zein den ikusarazteko; arratsaldean, manifestazio bat egingo dute Lasarte-Orian. Donostian ere bai; 12:30ean hasiko da mobilizazio hori. "Urtarrilaren 30eko greba pobrezia, baztertze soziala eta prekarietatearen aurkakoa da; pentsionistoi ere eragiten digu horrek guztiak", azpimarratu dute Aranburuk eta Orozek. 

Gai hori jorratu zuen koordinakundeak urtarrilaren 13ko elkarretaratzean. Herritarrei eskuorriak banatu zizkieten; greba egiteko -edo ez egiteko- arrazoi-zerrendak idatzi zituzten paper horietan. 

Herritarrei hitz egiteko aukera emateaz gain, COESPE Pentsioen Sistema Publikoen Aldeko Estatu Koordinakundeko ordezkari Domiciano Sandovali egindako elkarrizketa baten zati bat eraman dute Okendo plazara, elkarretaratzean parte hartu duten pertsonek entzun zezaten.

Joxe Ramon Aranburu eta Xabier Oroz, azalpenak ematen.

Erlazionatuak

Pentsiodun eta erretiratuak itxaropentsu

Txintxarri Aldizkaria 2020 urt 13 Gizartea