Pentsiodun eta erretiratuak itxaropentsu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 13a, 13:30

Eguberrietako oporren ostean, Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuek 2020 urteko lehen bilkura egin dute Okendo plazan. Eratu berri den Gobernu berriak itxaropena eman dio Pentsiodunen eta Erretiratuen mugimenduari. Hala ere, argi dute pentsio duinen aldarria kalean jarraituko duela, politikoek euren eskaera guztiei erantzuna eman arte

2018ko urtarrilean bost herritarrek pentsio duinen aldarrikapen irmoa egitea erabaki zuten eta horretarako Okendo plazara hurbildu ziren haien ezinegona aurkezteko. Geroztik, bi urte igaro dira. Hamaika bilkura, koordinakundearen eraketa eta mobilizazio ugari izan dira gure herrian. Gaur goizean, 2020 urteko lehen bilera egin dute eta saioari hasiera emateko, Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuen kideek gogoan izan dituzte lehen bide-erakusle haiek.

Ostean, Gobernu eratu berriak pentsioen aferean sortzen duen esperantza nabarmendu dute. Batez ere, Gizarte Segurantza eta Pentsio sistema hobetzea espero dute gizarteko kolektibo zaurgarriek bizitza duina izan dezaten. Horretarako, gutxieneko pentsioa pobreziaren ataria edo lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiagokoa izatea eskatuko dute, baita pentsioen balio handitzearen legean ezartzea ere. 

Toledoko paktua, berriro ere, indarrean jartzea kezkatzen ditu, beti ere, ez bada Gizarte Segurantza eta pentsioen sistemaren prestazio eta kalitatea hobetzeko. Era berean, pentsioei buruz hitz egiterakoan Estatuko koordinakundea Gizarte Elkarrizketarako Mahaian egotea eskatzen dute.

Horrela, argi utzi dute, euren eskaera guztiak bete arte ez dutela kalea utziko eta astero, astelehenetan 11:30ean, Okendo plazan bilduko direla pentsio duinen alde egiteko.

Hori guztiaz gain, koordinakundeko kideek gaurko eta hurrengo bileretan urtarrilaren 30ean deitua dagoen grebarako aipamen handirik egingo ez dutela jakinarazi dute. Herritarren eskura utzi dituzte greba egitearen aldeko eta aurkako argudioak azaltzen diren eskuorriak eta bakoitzak bere erabaki hartzera gonbidatu ditu koordinakundeak plazara hurbildu diren herritarrei.

Bilera amaitu eta 2020 urteari hasiera ederra emateko, salda bero-beroa banatu diete gaurko saioan izan diren guztiei.