Pasa den urteko abenduaren 20tik, alkate berria dauka Lasarte-Oriak: Agustin Valdivia (Lasarte-Oria, 1973) sozialista. Arkitektoa ofizioz, lau urte eta erdi inguru daramatza lanean udalean; Hirigintza batzordeburua izan zen aurreko legealdian, eta errepikatzeko asmoz hasi zuen 2019-2023koa, Jesus Zaballosek –PSE-EE– dimisioa eman eta alkate izateko ardura berak hartu duen arte. "Ardura ariketa bat egin dut kargu hau onartzean".
Abenduaren 20ko inbestidura saioan hartu zenuen alkate kargua. Nola doaz lehenengo asteak?
Ongi etorri zaizkit Eguberriak, hartu berri dudan ardurari neurria hartzen hasteko. Dena den, azkeneko hilabeteetan Lourdes Acevedo eta bion artean egin dugu kudeaketa; Jesus Zaballosek urriaren 16an hartu zuen baja. Aldaketa handia izan da niretzat; Hirigintza batzordea kudeatzetik alkate izatera... Orain alor askoz gehiago kudeatu behar ditut, oso desberdinak: herritar batekin biltzen naiz, gero kontu-hartzailearekin aurrekontuei buruz hitz egin... Egokitzen ari naiz oraindik, baina ilusio askorekin ari naiz lanean.
Udaleko sail desberdinetako buruekin hitz egin dut, udal korporazioko alderdi politikoekin ere bai... Eskertu nahi diet egin didaten harrera ona. Jende askok ere zoriondu nau kaletik, eta honakoa esan: 'Alkate postua da administrazioko okerrena; egurra emango dizute handik eta hemendik'. Egia da hori, baina balantzan gehiago pisatzen du norberaren lanaren onurak herrian islatuta ikustea. Saiatuko naiz erabakietan asmatzen, eta inor ez kaltetzen. Ohorea da herriko alkate izatea. Kaleetatik paseatu nahi dut eta kontzientzia lasai eduki, egindako lana herritarrentzat ona izan delako. Helburu pertsonal bat da hori.
Nola eta zergatik murgildu zinen politikagintzan?
Txikitatik eduki dut bokazioa zerbitzu publikoetan lan egiteko; nire familiako hainbat kidek lan egin dute administrazio publikoan.
Bestalde, kasualitate kumulu bat izan da: Eusko Legebiltzarrera joan nintzen behin emaztearekin, bisitan; orduan ezagutu nuen Jesus Zaballos. Apurka-apurka estutu genuen harremana, PSE-EEren 2015eko zerrendetan joatea proposatu zidan arte, hirugarren postuan, Hirigintza batzordea kudeatzeko ardurarekin. Alderdi sozialistaren emaitzetan hondamendirik egon ezean, banekien udaletxera sartuko nintzela lanera. Pentsatu nuen modu aproposa izan zitekeela alor publikoan lan egiteko, txikitatik eduki dudan grina horri jarraituz.
Ezustean harrapatu zintuen alkate izateko proposamenak? Berehala esan zenuen baietz?
Sorpresa handia izan da guztiontzat: uste genuen Jesus [Zaballos] lanera bueltatuko zela baja eta gero. Berak dimisioa aurkeztu –abenduaren 12an– baino bi aste lehenago egin zigun proposamena, Lourdes Acevedori aurrena, eta niri gero. Lourdesek argi zeukan berak ezin zuela alkate izan, eta nik egin nuen urratsa, ongi pentsatu eta familiarekin hitz egin ostean. Ardura ariketa bat egin dut.
Nola berregituratu duzue Udal Gobernu taldea?
Hirigintza batzordeko buru izaten nik jarraituko dut, eta Jesus Zaballosen saila, Ogasuna, nik kudeatuko dut hemendik aurrera, Alkatetzaz gain. Denborak esango du ardura gehiegi hartu ote ditudan edo ez; egia esan, orain arte eraman dudan batzordeak era autonomoan lan egiten du sailburu berria lanean hasi denetik, eta ez dut uneoro gainean egon beharko. Gainontzeko zinegotziek jarraituko dute euren batzordeak kudeatzen, eta zerrendako hurrengo kidea, Iñigo Zabaleta, sartuko da taldean, baina zinegotzigorik gabe. Zerbitzuetako buru David Mateos izendatu dut bigarren alkateorde. Horiek dira aldaketak. Baliteke gehiago egotea.
"Hirigintza zein Ogasun batzordeak eta Alkatetza hartuko ditut nire gain; denborak esango du ardura gehiegi hartu ote ditudan edo ez"
Inbestidura saioan aipatu zenuen "asko" ikasi duzula urteotan aurreko alkatearengandik. Bere kudeaketa ereduarekin segiko duzu?
Jesus Zaballos da nire erreferentea. Kontinuista izango naiz politika egiteko zeukan moduarekin: akordiotara iristen saiatu alderdi politiko desberdinekin, gertukoa izan herriko eragile eta elkarteekin, parte-hartzea sustatu... Saiatuko naiz alor horiek are gehiago indartzen, ahal bada. Gustatuko litzaidake nire ideiak eta estiloa aplikatzen hastea, baina oraindik ez dakit oso ongi zein den; duela gutxi hartu dut alkate izateko ardura.
Horretarako prest zaudela uste duzu?
Asko daukat ikasteko, baina uste dut gai izan naitekeela ardura hori hartzeko. Hiru urte eta erdi dauzkat aurretik ikusteko ea nola moldatzen naizen, gustatzen zaidan ala ez, zer nolako lana egin dugun... Ez dut esan nahi lehen horrela ez zenik, baina nahiko nuke herritarrek ni beste lasarteoriatar normal baten moduan ikustea. Herrian egiten dut nik bizitza: hemen bizi naiz, hemen dauzkat familia eta lagunak, parte hartzen dut ekimen askotan...
Astelehenean gidatu zenuen udalbatzar saioa, aurrenekoz.
Beste esperientzia bat. Pertsonalki, une batzuetan desordena sentsazio apur bat izan nuen, baina jakina, Jesus Zaballos oso trebea zen horretan. Trebatuko naiz horretan ere. Galdera eta erreguen txandan batzorde bakoitzeko buruari eman nahi diot aukera erantzuteko.
Gaztelaniaz jardun zinen nagusiki; hitzartze txanda batzuk ematerakoan erabili zenuen euskara.
Legealdi honetarako daukadan beste erronka pertsonal bat da euskara maila hobetzearena. 1. profila daukat orain; nahiko nuke iritsi 2. mailara, denbora baldin badaukat. Herritarrak euskaraz zein gaztelaniaz komunika daitezke nirekin, belarriprest naiz, baina nire euskara maila hobetu nahi dut. Plenoetan, hori bai, interbentzio baten detaile bakar bat ere galdu nahi ez dudanean, itzulpen zerbitzua erabiltzen jarraituko dut.
Erronka pertsonalak badauzkazu. Eta alkate bezala?
Aste gutxi daramatzat karguan, baina argi daukat gauza bat: berritu egin behar dugu udalaren jarduna, etxe barrukoa. Ez da posible eraikina XXI. mendekoa izatea, modernoa, baina, funtzionamendua, aurreko mendekoa. Ikerketa bat egingo dugu antolaketari buruz: HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua izeneko sistema ezarri nahi dugu. Administrazio elektronikoa ere bai, herritarrak horrenbeste paperen artean gal ez daitezen.
"Gauza bat argi daukat: berritu egin behar dugu udalaren jarduna, etxe barrutik"
Aurtengo aurrekontua prestatzen ari zarete? Nola doaz negoziaketak?
Uste dut atzeratu egingo dela 2020. urteko aurrekontuen onarpena. Legealdi honetan inbertsio oso altuak egingo ditugu kirol azpiegituretan: kiroldegi berria Michelinen eta kirol gunea Atsobakarren. Hemezortzi milioi euro, guztira. Horrenbeste diru, urtean 25 milioi inguruko aurrekontua eduki ohi duen udal batean, non urtero lauzpabost milioi baino gehiago inbertsioetara bideratu ezin dituzun... Lau urtera begirako plangintza bat egiten ari gara, legealdian egingo ditugun inbertsioak aurreikusiz eta diru-kopurua urte horietako bakoitzean banatuz. Kontu-hartzailea zirriborroa prestatzen ari da. Ikusiko dugu nola egin daitekeen. Aurrekontua epe horretara begira prestatzearekin batera diseinatuko dugu legealdi plana. Lehentasuna kirol azpiegiturek daukate agintaldi honetan, baina ez ditugu egin gabe utziko aurreikusita ditugun gainontzeko inbertsioak.
Zeintzuk dira inbertsio horiek?
Udalerri osoko argiteria aldatuko dugu, LEDak jarriz. Bi milioi euro inguruko inbertsioa izango da hori. Horrez gain, kultur arloko elkarte eta eragileekin hitzarmenak sinatuko ditugu; lau urterako akordioak izango dira. Herriko ikastetxeetan konponketa-lanak egingo ditugu.
Erribera kaleko etxabeak eraitsi eta berrurbanizatuko ditugu, eta Zumaburuko parkearekin lotu, pasarela baten bidez; Jaizkibel plazan falta diren hiru etxabeak bota eta berrurbanizatu; bi igogailu egingo ditugu: Zabaletan bat, eta Kale Nagusian bestea, DIA supermerkatu parean, Goikaleraino joango dena; Isla plaza estaliko dugu; herriko etxebizitzak egokitu beharko ditugu ingurugiro lege berrira... Aurrekontua diseinatzean ikusiko dugu aurreikusitako inbertsio guztiak egin ditzakegun, eta noiz.
"Lau urtera begira ari gara prestatzen aurrekontuak: epe horretan banatuko ditugu inbertsioak"
HAPO Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra egingo duzue. Zertan datza plan horrek?
Hirigintza batzordearen erronka handiena da. Legealdi honetan onartzea nahiko nuke, 2004an onartu ziren Arau Subsidiarioak egokitu egin behar ditugulako. Indarrean dauden Lurraren Legera, Lurralde Plan Partzialera eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara doitu behar dugu. Batez ere berritze ariketa bat izango da, ez dugu lursail berririk kolonizatuko plan horretan. 2004ko arauetan jasota dator Kotxeraseko eremua bizitegi-auzo bihurtzea; hori gauzatzean, 20.000 biztanle ingurura iristea aurreikusten dugu, eta uste dugu ezin dugula are gehiago hazi, gaur egun ditugun zerbitzu eta hornidurek ez luketelako gehiagorako emango.
Lantaldea plan horren aurrerapena prestatzen ari da.Uste dut onartu ahalko dugula HAPO plana, zailtasun askorik gabe, ez daudelako eztabaidatzeko puntu gehiegi. Herritarrek parte hartzeko programa bat prestatzen ari gara; gainontzeko alderdiek komisioan egindako ekarpen batzuk ere sartuko ditugu.
Herritar askok parte hartzen dute gisa horretako prozesuetan? Nola susta daiteke hori?
Prozesu motaren eta egitasmoaren araberakoa izan ohi da. Iruditzen zait, eta ez udalerri honetan bakarrik, parte-hartze kultura falta dela, oro har. Hori esanda, uste dut buelta bat eman behar diogula herritarrengana iristeko moduari. Nire esperientziatik, esan dezaket bizilagunek parte hartzen dutela euren errutinan eragina duten egitasmoetan. Gu saiatzen gara haien proposamenak jasotzen; hori ikusten badute, nik uste parte hartzera gehiago anima daitezkeela.
Bestalde, asmoa daukagu Herritarren Bulego Ibiltaria berriro ere martxan jartzeko: aurreko legealdian politikari bezala izan nuen esperientzia aberasgarrienetako bat izan zen. Auzoz auzo aritu ginen, herritarren kexak, iradokizunak, ekarpenak...entzuten. Errespetu osoz aritu dira beti. Herritarrengana joaten bazara, haiek erantzuten dute.
Ikasturte hasieratik itxita dago Landaberri ikastolara igotzeko aldapa. Abenduko udalbatzarrean zenbait neurri onartu ziren; tartean, konpontze-lanen lizitazioa aurtengo aurrekontu egitasmoan sartzea.
Hori sartuko dugu, ziur. 2019ko aurrekontuetako diru-partida bat erabili dugu proiektua enkargatzeko. Aurtengoetan, lizitazioa sartuko dugu. Ikusiko dugu noizko dauzkagun prest; horrek markatuko ditu epeak. Ondo bidean, nik uste posible litzatekeela lanak aurtengo udan hastea, baina datak alda daitezke. Kontuan hartuta konponketa gehiago egin behar ditugula, udan hasita ere, ez genuke ikasturte hasierarako bukatuko. Zentroarekin eta udal teknikariekin hitz egingo dugu, obren kronograma egiteko. Txosten geoteknikoak mikropilote bidezko konponketa hobesten du; 300.000 euro inguruko kostua izan dezakeela aurreikusten dute teknikariek, baina baliteke lanak garestiagoak izatea.
"Ondo bidean, posible litzateke Landaberriko aldapa konpontzeko lanak udan hastea, baina datak alda daitezke"
'Oriaren gainean' egitasmoak irabazi du kiroldegi berriko lehiaketa.
Dokumentazioa bidali behar digu Sabai Arkitektoak enpresak, kontratua sinatzeko. Ondoren, urrira arteko epea emango diegu proiektua egiteko. Gero, lizitaziora aterako ditugu lanak.
Atsobakarreko egitasmoa nola dago?
Usurbilgo Udalak berriki onartu du bere lur-eremuetan lanak hasteko beharrezko aldaketak egitea Antolamendu Xehatuetan. Sestra enpresari enkargatu genion exekuzio proiektua egiteko, baina itxaroteko esan genion, aipatu aldaketa horiek egin arte. Ziur aski, kiroldegi berriko exekuzio proiektua baino lehenago iritsiko da Atsobakarrekoa; baliteke bi guneetako lanek bat egitea; ikusiko dugu epeak nola doazen.
Kirol instalazioekin gertatu bezala, uste duzu kultur azpiegiturak txikiak eta zaharkituak geratu direla?
Hori izango da beste erronketako bat etorkizunean, baina ez legealdi honetan: kirol azpiegiturena bideratzerakoan helduko zaio kultur instalazioenari. Argi dago Manuel Lekuona Kultur Etxeak mugak dauzkala; eraikina antolatzeko planteamendua zaharra da. Kultura egiteko moduak asko aldatu dira.
"Kultur azpiegiturena beste erronka bat da, baina ez dugu legealdi honetan egingo"
Zein litzateke toki aproposa kultur etxearen jarduna banatu eta arintzeko?
Kotxeraseko eremua egokia izan daitekeela iruditzen zaigu. Arau Subsidiarioetan etxebizitzak egiteko lursail gisa dago kalifikatuta Kotxerasekoa. Jabetza pribatukoa izan arren, promotorak 400 babes ofizialeko etxebizitza emango dizkio udalari, eta ekipamenduak egiteko beste partzela bat. Lasarte-Oriaren erdiko marratxoa izan daiteke kultur azpiegitura bat eraikitzea han, Lasarte eta Oria lotuko dituena, sinbolikoki. Baina, esan bezala, kultur azpiegituren aldaketa ez dugu legealdi honetan egingo.
Udal Musika Eskolako hainbat gurasok protesta egin dute aurten ere, irakasle falta dela-eta.
Sakonago aztertu behar dut gaia. Kultura batzordeak eta pertsonala kontratatzeko sailak kudeatu dute afera hori orain arte, Jesus Zaballosekin batera. Esan didatenagatik, ordezkapenak egingo dituzten irakasleak topatzea zaila da; are gehiago eskatzen den euskara profila daukatenak.
Buruntzaldeako garapen agentzia sortzeko bidean urratsik egin da?
Eratzear dago. Estatutuek eskualdeko herrietako plenoetatik pasa behar dute; urte honetako lehenengo seihilekoan egitea aurreikusi dute. Abantailak besterik ez dizkiot ikusten eskualde mailan bat egin eta kalitatezko enplegua sustatzeko neurriak hartzeari; horren onurak Buruntzaldearentzat izango dira.
Erraustegia probaldi fasean dago; zaborra erretzen hasi da.
Zaintza-lana egitea dagokio udalari; airearen kalitatearen neurketa estazioa daukagu horretarako. Momentuz, datuek diote airearen kalitatea ona edo oso ona dela, segun eta urteko zein garaitan gauden. Adi egongo gara, eta neurketetan irregulartasunen bat ikusiko bagenu, orduan eskatuko genituzke eskatu beharreko ardurak.
