'Oriaren gainean' proiektua garaile izan da

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 26a, 13:00
Kiroldegi berriko proiektua aurkeztu du Udalak gaur goizean.

Lasarte-Oriako Udalak kiroldegi berriko proiektu irabazlea aurkeztu du. Herritaren iritzia ere kontuan izan da erabakitzeko. Urte bete izango du Sabai arkitektoak enpresak oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua egiteko

Agustin Valdivia Hirigintza eta Lanak arloko buruak eta Kirol zinegotzi Txus Alonsok kiroldegi berriko lehiaketako irabazlea jakitera eman dute gaur, Oriaren gainean

"Udalaren eskakizunak hobekien betetzen dituen proiektua da. Aldagelen arazoa hobekien konpontzen laguntzen duen aukera da eta 600 metro karratuko erabilera anitzeko terraza du," azaldu du Valdiviak. Proiektuak eskaintzen dituen onuren artean, futbol zelairako grada berria eta kafetegi handi eta independentea dago Valdiviaren hitzetan. Horretaz gain, proiektuak ingurumena eta eraginkortasun energetikoa ere kontuan izan dituela azpimarratu du Hirigintza buruak. 

Kiroldegi berriko proiektuaren lehiaketako faseak gogora ekarri ditu Valdiviak. Lehenengo fasean, hamalau proiektu aurkeztu ziren eta epaimahaiak bost aukeratu zituen. Proiektu horien erakusketa publikoa egin eta herritarrek parte-hartze prozesuaren bidez haien gogokoena bozkatu ahal zuen galdeketa bati erantzunez. Valdiviaren hitzetan, guztira 92 pertsonen iritzia jaso du Udalak, baina 70 bakarrik izan dira baliogarri. Bi proiekturen artean egon da lehia, Oriaren gainean eta Beirazko pasabidea. "Pozik gaude. Mahai teknikoa eta herritarren iritzia bat etorri da bi proiektu horiek hoberenak zirela zehazteko", azpimarratu du Valdiviak. Azkenean, mahai teknikoaren iritziak izan du pisu gehiago.

Proiektuari buruzko informazio guztia udalaren webgunean dago ikusgai.

Kiroldegi berria, 2023an

Lehiaketako hurrengo pausoak ere azaldu ditu Valdiviak. Urtea amaitu baino lehen Sabai arkitektoak enpresarekin oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua egiteko esleipen kontratua sinatu eta urte beteko epea izango du enpresak. Esleipen hori 268.834 eurokoa da.

Udalak bitartean, lanak finantzatzeko diru iturriak bilatuko ditu. Obra guztiak 14.500.000 euroko gastua izango du. Behin Udalak enpresaren txostenak izatean, lanen kontratuaren esleipen lehiaketa jarriko du martxan. Guztia ongi bidean, 2020 urte amaierarako lanak hasi eta bi urtetan amaituak egotea aurreikusten du Udalak. Hau da 2023an kiroldegi berria izango luke Lasarte-Oriak.