Bilera informatiboa eta argazki masiboa, urtarrilaren 30eko grebaren harira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 15a, 10:27

Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deialdiari erantzunez, Lasarte-Moriak bilera informatiboa eta argazki masiboa egingo ditu larunbat honetan, hilak 18. Urtarrilaren 30eko greba orokorrari buruz jardungo dira.

Urtarrilaren 30eko grebaren harira, Lasarte-Moriak ekitaldia antolatu du larunbat honetan, hilak 18: bilera informatiboa egingo du Antonio Mercero aretoan; gero, Okendo plazara jaitsi eta argazki masiboa aterako dute. Plaza horretan bertan jarri dute hitzordua, 12:00etan. Zapi edo besoko moreak ekartzera animatzen dituzte herritarrak, eta ekitaldian parte hartzera ere bai.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek greba orokorra deitu dute urtarrilaren 30erako, osteguna, Hego Euskal Herriko pentsiodunen eskaerei erantzunez: euren aldarrikapenetatik harago, modu zabalagoan "planto" egiteko beharra plazaratu dute, karta sozialak dokumentu honetan jaso duenez. "Lan baldintza, pentsio eta bizitza duin baten alde" borroka egite aldera deitu dute lanuzte orokor hori. Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin du deialdiarekin, Greba orokorra feminista izango da aldarripean.

Dokumentua: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oinarriak

Lasarte-(M)Oriaren deialdi-afixa, osorik.

U30 GREBA FEMINISTA IZANGO DA from Inge Mendioroz on Vimeo.