Otsailaren 27an erabakiko dute Ibon Fernandez Iradiren zigor-etete eskaerari buruz

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 14a, 10:11

Ibon Fernandez Iradi herritarra aske utzi, edo larriki gaixo dagoen euskal presoaren zigor-etete eskaera ez onartu. Otsailaren 27an hartuko du erabaki hori Parisko Dei Auzitegiak, ostiralez.

Otsailaren 27a. Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarraren kasuan mugarri izan daitekeen egun bat. Egun horretan deliberatuko du Parisko Dei Auzitegiak haren zigor-etete eskaerari buruz: aske utzi, edo espetxean jarraitzera behartu. Larriki gaixo dago herritarra; esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013an, lehen sintomak lehenago pairatzen hasi bazen ere.

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak azaroan ebatzi zuen lasarteoriatarraren eritasun larria eta kartzelan segitzea ez zirela bateragarriak; erabaki horren berri jakin bezain laster jarri zuen helegitea prokuradoreak. Ez da lehenengo aldia herritarrak bere zigorra etetea eskatzen duena; 2014an horren alde egin zuen auzitegi horrek, baina Dei Auzitegiak eta Kasazio Gorteak kasua berrikusi ostean, erabaki zuen bertan behera uztea eskari hori.