ELKARRIZKETA

Alex Tetuan: "Pribilegiatua sentitzen naiz, ogibide ederra izan dut"

Maddi Zaldua 2019ko abe. 20a, 09:31

Hogeita sei urtez aritu da Katxiporrteako lagunekin pailazogintzan. Behobian egin zuen lehen emanaldia, eta orduaz geroztik, Euskal Herriko txoko ia guztiak zeharkatu ditu. Jubilatu egin da orain, baina ez erretiratu; egunerokoa beste modu batera gozatzen jarraituko du, betiko bizi pozez

Astebeteko lan eskaintza bat onartuz hasi zen Alex Tetuan (Lasarte-Oria, 1958) Takolo, Pirrutx eta Porrotxekin lanean; langabezia une batean zegoela, Agus Mujikak, Takolok, egin zion eskaintza. Herrikideak baino gehiago ziren, lagunak, eta Bilboko astebeteko ekintza batean parte hartzeko proposamena egin zion, eta, Tetuanek, lanik gabe zegoela aprobetxatuz,  aurrera egin zuen. Astebete, ordea, mende laurden pasatxo bihurtu da. 26 urtez aritu da bizipoza banatzen, eta orain, Tetuanen oholtza gaineko pailazo ibilbidea iritsi da amaierara; jubilatu egin da. 

Ondo oroitzen du debutaren emanaldia: "Behobian egin nuen lehen ikuskizuna eta Txerrikutin gorpuztu nuen". Horren ostean ere etorri ziren pertsonaia bat baino gehiago; errenkada luzea. Jaxinto Bustiblai, Tantaka Yotanka, Toribio erregea, Tarrapatata pirata eta Txilipito jauna izan dira taulagainean jarri dituen pertsonaietako batzuk. Eta horietan guztietan eroso sentitu bada ere, batzuk besteak baino "maiteagoak" izan dituela aitortu du. "Txilipito jaunak eta Anakletok izugarrizko arrakasta izan dute, baina Eurolio jaunaren eta Nikasio jaunaren oso oroitzapen politak dauzkat". Azken urteetako pertsonaien artean ere Jeronimo izan da "bereziena".

Urtez urte pertsonaia ezberdinak taularatzea "erronka handia" izan da lasarteoriatarrarentzat: "Hainbeste pertsonaia ezberdinei nortasun berezia ematea pagotxa izan da". 

4.000 saio baino gehiago egin ditu pailazo taldeak sorreratik gaur egunera arte, eta neke uneak egon badira ere, bidea "zoragarria" izan dela azpimarratu du Tetuanek: "Nire bizitzako ogibiderik onena izan da, pribilegiatua sentitzen naiz". 

Hori esateko, ordea, badauka arrazoi bat baino gehiago. Oso gazterik hasi zen lanean, eta lan gogor bezain neketsuetan aritzea egokitu zitzaion, urte luzez. Txapista gisa murgildu zen lan mundura, eta lantegi bateko langile ere izan zen gero. Horren ostean,  hormigoi-makina batekin jardun zen denbora askoz, eta pailazogintzara egin zuen salto hori alde batera utzita: "Guztietan, ederrena, azken lanbidea izan da". 

Baloreetan oinarritutako lanak
Lasarte-Oriaren euskalduntzeari herriko pailazoek egindako ekarpena ezinbestekoa izan da. 1982. urtean Lasarte-Oriako haurren %80ak A ereduan (erdara hutsean) ikasten zuen, eta kalean ere, apenas entzun zitekeen euskara. Egoera hori irauli, eta euskarari bere lekua eman asmoz,  haurrentzako Olentzeroren etorrera antolatu zuten Jose Mari Agirretxek (Porrotx), eta Agustin Mujikak (Takolo). Bost urtez aritu ziren ikazkinaren etorrera prestatzen, eta 1987. urtean, Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazo taldea sortu zuten. Hasierako urteetan, ordura arteko helburu berari jarraituz egin zuten lan; haurrak euskaraz entretenitzea zen xede nagusia, baina emanaldiak aurrera joan ahala, haurrek pailazoen jarrerak imitatzen zituztela ikusirik, pailazogintza  heziketarako tresna bilakatzea erabaki zuten. Horrela, ordura arteko emanaldiei, balio erantsi bat gehitu zioten, eta prozesu horretan sortu zituzten, besteak beste,  Semaforo hori (1995-1996. urteetan) eta Dabadabadu (1997-1998) abestiak. 

Tetuan kontziente da  heziketaren bidetik taldeak lortu duen arrakastaz. "Talde gisa, oso ondo jakin dugu transmititu nahi genuena transmititzen, eta hori izan da arrakastaren gakoetako bat". Izan dugun harrera onaren zurrunbiloan, ordea, "hankak beti lurrean" mantentzeari arreta berezia jarri diotela ere azpimarratu du. "Emanaldiz emanaldi kritika onak besterik ez jasotzeak badu arrisku bat, ez da erraza oreka mantentzea, baina hori ere behar bezala egiten jakin dugu". 

Bizipoz asko banatu du, eta horren trukean jasotako  maitasuna "mugagabea" izan da: "Batzuetan, argiztapenaren ondorioz, kaxa beltzaren efektua sortzen da oholtza gainean, eta ez dugu publikoa ikusi ere egiten, baina berdin-berdin jaso dugu ikus-entzuleen indarra".

Abesti askoren gaurkotasuna
Pailazo taldeak sortutako abesti askok ez dute gaurkotasunik galdu, gaur egun ere. Uda iristearekin batera, Euskal Herriko herri askotako erromerietan entzun daitezke Xalala Rikiriki edota Maite Zaitut abestiak. "Gure abesti asko hit bihurtu dira, belaunaldiz belaunaldi jaso dira, eta betirako geratuko dira gurekin. Pozgarria da, edozein lekutara joan, eta abesti horiek entzutea". 

Gaztetan ikasi zuen euskaraz Alex Tetuanek. Mendiarekiko zaletasun handia izan du betidanik, eta irteeretan parte hartzen hasi zenean, beste partaideekin komunikatzeko zailtasunei aurre egin beharrak bultzatu zuen hizkuntza ikastera. "Agusekin hasi nintzen ikasten, eta AEKn egin nituen gero bi urte". Aitortzen du ez duela inoiz euskaraz aritzeko lotsarik izan, eta hori "oso lagungarri" izan zaio. Pailazoekin lanean hasi zenerako, ordea, hizkuntza menderatzen zuen. 

Jubilazioan erretirorik ez
Taula gaineko lanak alde batera utzi berri ditut Tetuanek, baina hori hala izanik ere, bere egunerokoak ez du etenik. Oholtza gaineko 26 urteak ezingo ditu berehalakoan ahaztu, eta denbora horretan bizitakoen oroitzapenak, inoiz baino presenteago ditu orain. "Abenduaren 3an, Euskararen egunean eta San Frantzisko Xabier egunean, urte luzez aritu gara Irurtzunen, eta aurten, pailazoak bertako emanaldian ari ziren bitartean, oso gogoan izan nituen urte luzez bertan bizitakoak". 

Dagoeneko, ez da Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin taula gainean arituko, baina elkarlanean jarraituko dute.  "Bizi Dantza, emanaldi berria, ikustera joan naiz pare bat aldiz, eta nire ekarpenak egin dizkiek pailazoei; "beti izan naiz oso kritiko, agian gehiegi, gure lanarekin".

Mendizaletasunari tarte gehiago egin asmo dio hemendik aurrera, baina bi iloba ditu eta horien zaintzaz ere arduratuko da.

Hemendik aurrera oholtza gainetik ez, baina ziur ingurukoengan bizipoza banatzen jarraituko duela Tetuanek.  Patatari jaunaren eta Toribio erregearen jarraitzaileek beti oroituko dituzte 26 urtez Alex Tetuanek biziarazitako momentuak. Ziur izan dituela milaka jarraitzaile, baina horien artean, bat oso berezia: Maria alaba. Elkarrekin etorri dira Txintxarri-ren elkarrizketara, eta begi bistako da elkarrekiko duten miresmena. Aitarekin asko gozatu duela eta bere "jarraitzaile sutsua"  dela azaldu du alabak, aitak harrotasun aurpegian irribarrez begiratzen dion bitartean.

Erlazionatuak