ALEX TETUAN IRIARTE, EZINA EKINEZ EGINA

Maddi Zaldua 2019ko abe. 20a, 10:47

Alex Tetuan Iriarte Lasarte-Orian jaio zen duela 61 urte. Txiki-txikitandik oso mutiko bizia izan da. Etxea, kalea eta eskola, orohar, erdaldunak ziren garai hartan, Michelinek markatu baizuen gure herriaren nortasunaren aldaketa. Kalea eta mendia izan ziren bere eskola, eta bertan egin zituen lagunak Alexek, tartean Agustin Mujika Yarza, Takolo.

Oso gazte zela hasi zen lanean, tailer batean aurrena. Irabazitakoarekin etxean laguntzen zuen. Gerora, hormigonera batekin ere ibili zen batera eta bestera. Baina patuak eta Agusen laguntasunak toki bat egin zion pailazo taldean. Taldea sortu eta 6-7 urtera jantzi zuen lehen mozorroa. Herrian pailazoak egun baterako jaio ginen arren, 32 urteko ibilbidea egina dugu, Alex bidaide, azken 25 urtetan, berak ere sudur gorria soinean zuela. Denetarik egin du Alexek taldean. Mozorroak, pertsonaiak, muntaiak, gidari lanak… Mila ofiziotako laguna izan da.

Berak dio telebistan eta pantaila handian, pelikulei begira ikasi duela ofizioa, baina oholtzak ere eman dio eskarmentua. Hemen eta han, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatu ditugu, artean Pitillas, bere ama zenaren herria. Han bertan, gaztelera nagusi, eskolan aktuatu izan du Alexek euskaraz, lingua navarrorum ahoan.

Eskola ez zuen maite izan (ziur aski eskolak bera maite izan ez zuelako), baina Alexek izan du unibertsitatea: natura. Taldearen joan-etorrietan, mendiak, bailarak eta paisaiak, ibaiak eta ibilbideak  aipatzen zizkigun, eta baita petsonak ere, herri guztietan egin baititugu lagunak. Guk diogu euskara 'batua' hitz egiten duela Alexek, batetik, bestetik, eta beste hartatik hartua, eta elkarrekin notabait lotua. Oso euskara bitxia du Alexek. Euskaltegia gehiegi zapaldu gabe, bateko eta besteko esaerak eta joerak bereganatuta, euskalki berezia sortu du urte luzez.

Elkartasunaren hizkuntzan ere mintzo zaigu Alex, Atzegi Elkartean boluntario aritzen baita kanpaina ezberdinetan.

Orain, jubilazioa hartuta, mendian gora ikusiko dugu, ibilian, baita Santa Barbarako horman zintzilik ere. Datorren abenduaren 31n ere hor izango da Buruntzan, goizez, bertako ermitan, salda eta txistorra banatzen, Lasarte-Orian azken urteetan errotu den ohituraren sortzaile eta bultzatzaile ere izan delako, Batasuna kultur-kirol taldean urteak emandakoa.

Hogeita bost urte eta hamaika abentura bizi izan ditugu elkarrekin, eta izango dira gehiago ere, Alex berriro oholtzan ikusiko baitugu datorren urteko udazkenean, 2020ko Euskararen Maratoian, 10. Edizioan. Han izango gara, irri, kantu eta dantza, Ahobizi, Belarriprest eta Bihotzgoxo, zure euskara 'batuaz' gozatzen.

Alex, pertsona eta pailazo... ezina, ekinez egina. Laguna, bikotekidea, aita, aitona... Bejondeizula, eta gozatu zure denboraz, naturaz eta senide eta lagunez, katxiporreta!