Nola sortu zen 'Kabitu ezina'?
Nire buruari proposatu nion saiatzea ipuin bilduma bat egiten Igartza bekara aurkezteko. Jaso nuen gomendio bat izan zen lehenik izenburuan pentsatzea, asko kostatzen zait aukeratzea, garrantzia handia ematen diet. Idatzitako ipuinetan eta martxan nituen ideietan sumatzen nuen behin eta berriro azaltzen zela ezinegona, urduritasuna, inguruan ez 'enkajatzea', nork bere burua erabat ez ulertzea edo ez onartu nahi izatea... Kabitu ezina izena jarri nion sentsazio multzo horri. Behin behineko izenburua zen, baina betiko izan da, eta seguru asko eragin egin du ipuinetan ere. Ez zuen beka irabazi, baina Elkarreko editore Xabier Mendigurenek deitu zidan esanez proposamena asko gustatu zitzaiela eta bukatzen banuen, argitaratzeko prest zeudela.
Ezinegona batzuetan azalekoa da, beste batzuetan sakonekoa, baina irakurleak nabari du.
Pertsonaiak oso desberdinak dira, saiatu naiz bakoitzaren azalean sartu eta ezinegona adierazten, sentsazioetara joaten, zentzumenek hitz egiten; horregatik narratzaileak subjektiboak dira. "Ez dut hemen egon nahi, alde egin nahiko nuke" sentsazioa da, baina ez dute prozesatu, eta bertan jarraitzen dute inertziagatik. Badago hortik asko. Batzuetan egoera nahiko inozoa da, itxuraz behintzat eta beste batzuetan sakonagoa.
Ez dakite zer sentitzen ari diren...
Ezerosotasunarekin pasatzen da: sentsazioa da zerk eragiten dizun jakitea baino lehenago. Batzuetan ez gara zerk sentiarazi digun aurkitzeko gai. Fisikotik doa. Gorputzean daukazu, eta gero lan bat egin behar duzu konturatzeko. Orokorrean, harritu edo ezeroso sentiarazten gaituenak zerbait jartzen digu martxan, eta merezi du sudurra pixka bat hurbiltzea zergatia jakiteko. Gero erabakiko dugu gehiago murgildu edo ez.
Ipuin solteak dira, baina hainbat elementu dituzte komunean. Hautua izan da ala horrela suertatu da?
Baneukan harremanez hitz egiteko gogo handia, bereziki taldeetan ematen direnen inguruan; nire ustez, literatura giza harremanekin marrazten delako. Horretaz hitz egiteko gogoa nuenez, behin eta berriro agertzen den gai bat da, ez da nahita egin dudan zerbait.
"Harremanez hitz egiteko gogoa nuen, nire ustez, literatura giza harremanekin marrazten delako"
Espresuki erabaki gabe ere, animaliak oso presente daude.
Gerora pentsatu nuen, Pili Aguado ilustratzailearekin lanean hastean etengabe agertzen ziren... Batetik, espero dugu animaliek jokaera eta testuinguru zehatz bat izatea, hala ez denean antinaturalaren ezinegona eragiten digute. Bestetik, familian umetatik animalien bitartez gauza asko ikasi ditugu, haiekin enpatizatzen lagundu digute. Bi gauzak izango dira!
Halaber, lan elkarrizketak bi ipuinen ardatza dira. Zergatik?
Frustrazio bat izango da [kar, kar]. Gai horri buelta asko emanda neuzkan. Beldurgarriki naturalizatzen ditugun gauza batzuk, zalantzan jarri gabe ere onartu. Lan elkarrizketak oso bortitzak dira. Gertatu zait ateratzea zerbait kendu didaten sentsazioarekin, konturatu gabe jarri nautela egon nahi ez nuen egoera batean. Ipuin bat ia karikaturazkoa da, bestea, etengabe errepikatzen den amesgaiztoa.
Zerk inspiratzen zaitu?
Ipuinaren araberakoa da. Nigan pisu handia dute irudiek eta egoeren bisualizazioak. Batzuetan baduzu buruan pertsonaia jakin bat, ezaugarri batzuk dituena, eta horri buruzko zerbait egin nahi duzu. Normalean, irudi, pertsona edo gauza zehatz horrek topo egiten du kuriositatea eragiten didan gairen batekin, eta hortik sortzen zaizkit ipuinak.
Zerk eragiten dizu kabitu ezina?
Gauza pila batek [kar kar]. Txiki bat esatekotan, ontzi garbigailutik ateratako edalontziak lakarrak daudenean. Baita sentitzen badut egoera batean gogoz kontra nagoela, kaiola batean dagoen animalia bezala sentitzen naiz.
Eta horietatik zenbat du liburuak?
Bastante. Beste gauza batzuk kabitu ezinaren kuriositatetik.
Ekainean jaioterrian aurkeztu duzu liburua, Jalgin, eta lagunez inguratuta. Berezia izango zen, ezta?
Oso. Liburua zuk idazten duzu, baina hainbat lagunek entzuten dizkizute ideiak, aguantatzen zaituzte dispertsa zaudenean, bost aldiz gauza bera errepikatzen dizutenean… Lagun horiekin egin ahal izatea aurkezpena eta Jalgin… Oso polita izan zen, oso gustura egon nintzen.
Gustura al zaude emaitzarekin?
Pozik nago lehena ipuin liburua izan delako, asko maite dudan generoa da, nahiz eta ez bakarra.
Ilustrazioekin ere. Barruan jartzearena ez da oso ohikoa. Eskatu nuen, aukera eman zidaten, eta Pilirekin lan egitea gozatua izan da.
Zer du berezi ipuingintzak?
Ipuinak irekiagoak dira, interpretazio gehiagotara daramate. Asko gustatzen zait ipuin berak zenbat gauza eragin ditzakeen pertsona ezberdinengan. Elipsiaren jokoa, esaten ez duzunak esaten duzunak bezainbesteko garrantzia du; hori idazterakoan zaila da, baina jolasa ere bada, zer esan, noraino, zer ez… Oso muinera doa, azaltzen denak azaldu behar du. Ipuin liburu batek aukera ematen du askotariko munduak sortzeko, baita irakurtzerakoan ere.
Oraintsu Asier Iturralderekin batera Etxepare Saria jaso berri duzu Etxe honetan album ilustratuarekin.
Asierrek eta biok elkar ezagutu genuen Bikoteka ikastaroan, Galtzagorri Elkarteak eta Iruñeko udalak antolatua euskarazko album ilustratuak sortzea sustatzeko. Ilustratzaile eta idazleak aurkez daitezke proiektu batekin edo bakarka eta bikotekidea jartzen zaituzte. Asierrek eta biok martxan jarri genuen proiektua gustatu zitzaigun, eta handik kanpo ere lanean jarraitu genuen. Oso pozik gaude sarituak izan garelako eta udazkenean Pamielak argitaratuko duelako.
Zer duzu esku artean?
Albumaren edizioarekin nabil buru-belarri. Buruan bueltaka edo koaderno bazterretan ideiak beti ditut, baina zerbaitek harrapatu eta idaztera esertzean ulertzen dut ari naizela zerbait idazten.
Bigarren liburuak bertigorik eragiten al dizu?
Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Liburu hau ateratzeko asko mentalizatu naiz. Asko hitz egin dut gai honetaz literatur munduan lehenago argitaratu duten hainbat emakumerekin. Sorkuntza, plaza izaera eta emakume izaeraren inguruko hausnarketa feminismotik asko egiten ari da gaur egun. Horrek asko lagundu zidan. Iruditzen zait pixka bat bada ere, lan hori egina dudala, erabakia hartu nuela hori pentsatuta. Bertigoa? Pentsa dezakezu igual inoiz gehiago ez zaizula ezer bururatuko, baina nire bizitza ez da hori bakarrik. Ez bada izango, ez da izango; eta bestela, ongi etorria izango da.
Kosta egiten al zaizue emakumeoi zuen burua idazle gisa aitortzea?
Egiletza plazaratzeari buruzko ikastaro batean egon nintzen eta mahainguru bateko lau hizlariak ziren idazle eta beste ofizio bat ere zutenak. Gizonek segituan esaten zuten idazle zirela, emakume bati kostatzen zitzaion eta besteak egiten zuen militantziatik, jarrera politiko bezala. Hor badago zerbait, Eider Rodriguezek eta Uxue Alberdik landu dute gai hori. Hain urrutira joan gabe, ikasketetan, iristen da adin bat non neskak isiltzen hasten garen, publikoan hitz egiteko zerbait "superbrillantea" esan behar dugu, bestela ez dugu ahorik irekiko. Gizonek ez daukate presio hori.
Idazteko zaletasuna beti izan duzu?
Umetatik. Eskolan asko animatzen gintuzten idaztera, marrazkiz lagundutako istorioak egitera. Lasarteko Literatur lehiaketan parte hartzen nuen, batzuetan irabazi… Hortik sortu zitzaidan zaletasuna. Istorio zalea izan naiz beti, ipuinak entzutea, antzerkia… Nahi gabe ere, zuk asmatzeko saiakera egiten duzu. Ipuinez gain, letraren bat idatzi dut lagunentzat, gidoi pixka bat... Nobelarik oraindik ez. Asmoa? Gogoa eta istorioa izanez gero, bai.