SSLO 2019

Kirolaren festa koloretsua, bosgarrenez

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko abenduaren 11

San Silvestre Lasarte-Oria lasterketaren antolatzaileek ilusioa eta egitaraua berritu dituzte V. ediziorako: kanpaikadak egingo dituzte udaletxean eguerdiko hamabietan; 1 dortsala, berriz Iraia Iparragirre futbolariari emango diote. Lasterketa 16:00etan hasiko da, abenduaren 31n. Ari dira honezkero kirol ekitaldia buru-belarri prestatzen, baina laguntza gehiago behar dute. "Boluntarioak behar ditugu; lortzen ditugu nahikoak normalean, baina aurten kopuruz gaizki gabiltza".

Abenduaren 31 berezia da: urteko azken eguna, familia eta lagunekin elkartzeko aitzakia ederra, urte berrirako erronkak eta betebeharrak pentsatzeko unea...eta Lasarte-Oriako San Silvestrean parte hartzekoa. Duela bost urtetik darama herriko boluntario talde batek kirol ekitaldi hori prestatzen; ordu eta izerdi-tanta asko eta gero, lortu dute herriko egutegiko zita berezietako bat izatea, udalaren eta herriko hainbat komertzioren laguntzarekin. Ari dira prestatzen aurtengo hitzordua, buru-belarri. Berrikuntza batzuk iragarri dituzte: kanpaikadak egingo dituzte udaletxean, eguerdiko hamabietan; Porrotx pailazo bihurria ere bertan izango da. 1 zenbakidun dortsala Iraia Iparragirre Realeko futbolariari emango diote. Atzo arratsaldean jaso zuten klub donostiarraren baiezkoa, aurkezpen prentsaurrekoari ekin aurretik. Iosu Galdos eta Nuria Palacios antolatzaileek eta Nuria Fernandez udaleko Sozioekonomia batzordeburuak hitz egin zuten, udaletxeko areto batean.

Antolatzaile taldea hasi da lanean, baina boluntario gehiago behar dituzte. "Urtero lortu ditugu dena ongi antolatzeko behar adina pertsona, baina aurten kopuruz gaizki gabiltza", ohartarazi zuen Galdosek atzo. San Silvestre lasterketaren helbide elektronikora idatz dezakete interesa dutenek: info@sansilvestrelasarteoria.com. "Boluntario izateko izena emateaz gain, proposamenak eta iritziak ere gustura jasoko ditugu". Antolakuntzaren Facebook orrialdea ere erabil dezakete horretarako.

Berrikuntzak egitarauan; ibilbidean, ez

Aurreko urteetan bezala, 16:00etan hasiko da lasterketa. Sei kilometroko proba osatu beharko dute korrikalariek eta patinatzaileek; ipar martxalariek, berriz, laukoa. Ez dute moldaketarik egin ibilbidean. "Erdigunean hasi eta bukatuko da lasterketa; tartean, Sasoeta eta Zumaburu auzoak zeharkatuko ditu, besteak beste. Uste dugu polita dela hori", zehaztu du Galdosek. San Silvestrearen esentzia ekarri du gogora: "Garrantzitsuena da giro ederrean kirola egitea: herritarrak mozorrotzea nahi dugu, kuadrillan irtetea... Ez da lasterketa konpetitibo bat". Sarietan ere antzematen da hori: mozorro orijinalenak zeintzuk diren, parte-hartzaile beteranoenak, ongien jantzita doazen kuadrillak, e.a. Gorputza martxan jartze aldera, proba hasi baino ordubete lehenago, beroketa musikatua egingo dute, Okendo plazan.

Egitaraua ez da arratsaldean hasiko, ordea. Pintxo-pote solidarioarekin berotuko dituzte motorrak, Okendon bertan, 11:30etik 13:00era. Herriko elkarte, eragile edo ekimen bat aukeratzen dute antolatzaileek urtero, eta bertan bildutako dirua haiei eman. Izan Inurri egitasmoari emango diote aukera aurten. Herritar talde batek abiatu du ekimena. Helburua, hau: minbiziaren bizipenetatik abiatuta, gaitz hori pairatzen dutenei laguntzea. 

Ekimen berri bat ere sartu dute aurtengo programan. "Udalarekin hitz egin genuen, eta ideia bat proposatu ziguten: urte zaharreko kanpaikadak egitea. Ez ditugu gauerdian egingo, eguerdiko hamabietan baizik, udaletxean". Haurrentzako ekimen "aproposa" izan daitekeela uste dute. Porrotx pailazo bihurria ere joango da bertara, giroa animatu eta herria hankaz gora jartzera, 11:45etik aurrera.

Iraia Iparragirreri aitortza

"Edizioro eman geniezaioke 1 zenbakidun dortsala Iraia Iparragirreri, baina aurtengo urtea are bereziagoa izan dela uste dugu", nabarmendu du Galdosek. Balentria ederra egin du Realak, Atletico Madrilen aurka 1-2 irabazi eta Erreginaren Kopa altxata. Hasieratik jokatu zuen Iparragirrek orduko horretan. "Herritarra da eta kirolari oso lotuta dago, gure lasterketa bezala". Laugarrenez egingo diote aitortza antolatzaileek herriko norbanako edo eragile bati. Hauek izan dira orain artekoak:

  • 2016an, Maialen Chourraut piraguista eta Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria.
  • 2017an, Erketz EDT dantza taldea.
  • 2018an, TXINTXARRI aldizkaria.
  • 2019an, Iraia Iparragirre futbolaria.

Izen-ematea, zabalik

Kirolprobak atari digitalean izena eman dezakete lasterketan parte hartu nahi duten pertsonek. Tramite hori Interneten egitea aholkatzen dute antolatzaileek. "Laguntzen digu lasterketaren nondik-norakoak denboraz aurreikusten". Bost euro balio du apuntatzeak. Beste aukerarik ere badago San Silvestrean lasterka egiteko: abenduaren 29an, 30ean eta 31n Mercero gunean jarriko dute postua antolatzaileek. Dortsalak banatuko dituzte, eta azken unera arte apuntatuko ez direnen izen-emateak jaso. Garestiagoa izango da: zazpi euro lehenengo bi egunetan, eta hamar euro lasterketaren egunean bertan. "Abenduaren 31n goizez egongo gara soilik". 

Urtero zehazten eta azpimarratzen dute, baina oraindik badago jaramonik egiten ez dienik: hamasei urtetik gorakoek jokatu dezakete lasterketa; gazteagoek, ez. "Parte-hartzaile batzuei ez zaie ongi irudituko agian, baina gure seguruak ez du estaltzen umeek eta animaliek parte hartzea". 

"Gustura laguntzen dugu"

Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak jakinarazi du 2.000 euroko diru-laguntza emango diola udalak San Silvestre lasterketa antolatzen duen taldeari. "Ederra da Lasarte-Orian sortzen den giroa ikustea; herritar asko kirola egiten, mozorrotuta; egutegiko zita garrantzitsuenetako bat da". Tratu On Bat ekimena sustatzeko ekitaldi "aproposa" dela uste du Fernandezek; parte-hartzaileen artean banatzeko, 700 erosketa poltsa emango dizkio udalak antolakuntzari. Herriko merkataritza sustatzeko proiektu horren logoa San Silvestre probaren karteletan eta dortsaletan agertuko da.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkie udalari, laguntza eta babesagatik. Ekitaldian parte hartzen duten herriko komertzio eta dendei ere bai: "Asko eskertzen diegu hasieratik izan duten inplikazioa; eurek emandako produktuak zozketatuko ditugu lasterketa hasi aurretik".