Erraustegiaren aurkako lau martxalari epaituko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 29a, 16:13

Iazko irailean erraustegiaren aurkako martxan parte hartu zuten lau pertsona deitu dituzte epaitegietara; lasarteoriatarra da bat. Ertzainek jarritako salaketak erabili dituzte horretarako. Mobilizatzera deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak datozen bi asteetan; elkarretaratzeak egingo ditu Egiako epaitegiaren aurrean (Donostia).

"Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak beldurtu egin nahi ditu erraustegiaren egitasmoaren kontra dauden herritarrak". Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideen hitzak dira. Gaur jarri dituzte jakinaren gainean hainbat hedabide: lau pertsona epaituko dituzte, iazko irailean Zubietako erraustegiaren aurkako martxan parte hartzeagatik. Ertzaintzak jarritako salaketak erabili dituzte horretarako. Epaituko duten lau pertsona horietatik bat lasarteoriatarra da; beste bi, zubietarrak; eta, laugarrena, donostiarra.

EAMk iragarri du ez dela geldirik geratuko horren aurrean. Mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Datorren asteko asteazkenean egingo dute lehen ekintza, abenduak 4, 11:00etan: Donostiako Egia auzoan dagoen epaitegiaren aurrean egingo dute elkarretaratzea. Beste bi deialdiren berri ere eman dute: abenduaren 9an,  astelehenez, 10:30ean; eta urtarrilaren 9an, ostegunez, 10:30ean. Epaitegi horren aurrean bilduko dira azken bi data horietan ere.

"Martxalari baketsuen aurka biolentzia erabili zuen Ertzaintzak egun horretan", gogoratu du EAMk. Deitoratu du jaurlaritzaren eta diputazioaren jarrera: "Gipuzkoako gune kutsatzaileena izango dena inposatu nahi digute". Azken hamasei urteetan bezala "ez-biolentziaren eremuan" borrokan segiko dutela iragarri dute. "Ez dute lortuko; ez gaituzte kikilduko".

Erlazionatuak

Erraustegira martxa

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 23 Gizartea