Eredu talka Zubietan. Batetik, gune aske bat, errespetuan oinarritutakoa, sistema eta herrigintza erraietatik ireki eta sakonki birpentsatu dituena: Iraultza Txikien Akanpada. Hamaika gairi buruz solastu dute plazan eta belazeetan. Probetxuzko asteburua biribiltzeko, Gipuzkoa Zutik egitasmoaren deiarekin bat egin eta erraustegiaren obren eremura egin dute martxa, inguruko herritatik etorritako ehunka pertsonekin batera. Adin guztietako jendea elkartu da Zubietan. Giro ederrean joan dira lanen eremurantz, bigarren ereduarekin topo egin duten arte: ertzainak. 1go zutabean ez da egon aparteko iskanbilarik, baina poliziek ez diete obretaraino iristen utzi martxalariei. "Gu hemen egon bitartean ez zarete pasako". Bigarren zutabeko kideei ere hori erantzun diete, eta herrirantz jaisten hasi dira. Zubietara iritsi aurretik, ordea, berriro igotzea erabaki dute, eta ezustean harrapatu dituzte ertzainak. Erraustegitik oso gertu zeuden hainbat agente etorri eta euren aurka kargatzen hasi direnean. Hiru bider aritu dira, bortizki; zenbait martxalari eta kazetari zauritu dituzte.
Lerrook idazten ari den kazetaria 1go zutabeko martxalariekin batera zihoan. Bide "lasaia" hartu dute, aparteko zailtasunik ez zuena. "Trekking" bidetik abiatu dira gainontzekoak. Obretan elkartzekotan geratu dira, baina ezin izan dute obretara sartu. Behin horraino iritsita, familia argazki erraldoia atera dute, pankartak eskuetan. "Espetxeak euren jabeentzat" irakur zitekeen horietako batean. Erraustegiaren eta ertzainen aurkako aldarriak ez dira falta izan: "Mendi hau ez da zuena" eta "Ez, ez, ez, errausketarik ez!", besteak beste. Argazkirako elkartu baino lehen, hainbat minutuz esperoan egon dira, 2. zutabeko kideak noiz eurekin elkartuko zain. Hori zen asmoa: martxalari guztiek talde bakarra osatzea, eta erabakitzea nola egin aurre ertzainek ezarritako debekuari. Bi zutabeak elkartzea zaila zenez, lehen igotako aldapatxoak jaitsi dituzte aurreneko zutabekoek, plazara iritsi arte. Txalo artean hartu dituzte bigarren zutabekoak minutu gutxi barru.
Polizia agenteen bortizkeriari umorez erantzun diote martxalariek: "Oso serio hartzen gaituzte; drone bat bidali zuten iaz gu bigilatzera. Aurten, helikopteroa".
"Berriro geratuko dugu erraustegia"
Martxari ekin aurretik, aitortza: aurreko legealdian erraustegiaren egitasmoa geratzea lortu zuten ordezkari politikoak omendu dituzte: Ainhoa Intxaurrandieta (GHK partzuergoko lehendakari ohia), Juan Karlos Alduntzin eta Iñaki Errazkin (Foru Aldundiko Ingurumen arduradun ohiak biak); Ricardo Ortega, Imanol Azpiroz, Enrike Lekuona eta Joxe Mari Iturbe (Lasarte-Oriako, Usurbilgo, Oiartzungo eta Antzuolako zinegotzi ohiak, hurrenez hurren); eta Xabier Mikel Errekondo eta Marian Beitialarrangoitia (Usurbilgo eta Hernaniko alkate ohiak). Txalo artean hartu dituzte pilotalekuan bildutako ehunka herritarrek. Aitortza beroa jaso ostean, Intxaurrandietak hartu du hitza. "Behin geratu genuen erraustegia, eta berriro lortuko dugu: ez da egoera erraza, enpresa erraldoiak eta politikari ustelak daudelako atzean, baina, antolatuz gero, mehatxu hau gera dezakegu; gure esku dago". Gogoratu ditu amonak aita Zubietara bidaltzen zituen garaiak: "Zubieta aire garbia arnasteko gune bakarretakoa zela esaten zuen beti".
Herrigintza birpentsatzen
Gaur arratsaldean txiki geratu den plazan hainbat pertsona ibili dira asteburuan, "sistema kapitalista eta patriarkalaren" alternatibak planteatzen aritu dira, ideiak plazaratzen, pentsatzen, sortzen, konspiratzen. Herrigintza birpentsatzen. Konplizitateak eraikitzeko gune aske eta baketsua izan da Iraultza Txikien Akanpada. Jorratu dituzte hamaika gai, hamaika gatazka, hamaika kontraesan. Herrigintza mugimenduetakoak barne, gune horietan geratzen diren eraso matxistekin lotutakoak batez ere. Landu dute baita ere Kataluniako prozesua, adibidez. Gonbidatu dituzten hizlariekin batera hiru eguneko hausnarketa sakonak egin dituzte. Erraustegiaren aurkakoa eta beste iraultza batzuk egosten hasi dira, su txikitan, patxadaz. Denbora beharko dute gorpuzteko, baina osagaiak eltzean daude honezkero.