Elkarretaratze jendetsua, eraso matxista salatzeko

Larunbat gaueko sexu erasoa salatu dute herritarrek, Mugimendu Feministak deituta. Udalak atxikipena eman du, eta erasoa gaitzetsi

Larunbat gaueko ordu txikitan adingabeko bati eraso egin zioten hiru mutikok, herriko parke batean, Survival Zombie rol jokatzen ari zirenean. Elkarretaratze jendetsua egin zuten astelehenean eraso matxista hori salatzeko. Udalak adierazpen ofiziala egin du gertatutakoa arbuiatzeko. 

Mugimendu Femenistak deituta elkartu dira herritarrak. "Ez da kasu bakartu bat. Emakumeok sistematikoki jasaten ditugu jazarpenak. Sistema heteropatriarkalak egunero esaten digu zaurgarriak gu garela, errudunak garela eta isilik egon behar dugula", salatu dute mugimenduko kideek. 

Erasoei "tinko erantzuteko" deia egin dute. "Ez dugu beldurrik. Antolatuta gaude. Sistema patriarkalaren morroiak kontuz ibili daitezela. Aurrean izango gaituzte".