Estreinatu dira Eguzki ISU Leihoak eta Eguzki Balerdi Harategia

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 10:00

Asteburu emankorra izan da pasatakoa Eguzki Areto Futbola klubeko taldeentzat. Lautik hiruk irabazi dituzte jokatutako partidak.

Denboraldiko lehen garaipena poltsikoratu du Eguzki ISU Leihoak taldeak asteburuan. Senior kategoriako Gipuzkoako 2. mailan ari da lehian. 0-1 hartu zuen mendean Goierri FK Jon Arocena herritarrak zuzendutako taldeak. Bost neurketa jokatu ditu orain arte, eta lau puntu bildu: 10. postuan da sailkapenean.
Jubenil mailako Eguzki Balerdi Harategiak ere asteburuan ospatu du sasoiko aurreneko partida irabazi izana. Zaleen aurrean poltsikoratu zituzten hiru puntuak Gorka Redondo eta Edu Menarenek: 3-1 garaitu zuten Goierri KE. Sei norgehiagoka jokatuta, lau puntu dauzkate, eta 10. postuan dira sailkapenean.

Emakumezkoen senior taldeak atseden hartu du asteburuan. Ederki ekin zion ligari, baina jokatutako azken bi neurketak galdu egin ditu. Bihar du abagune polita, larunbata, dinamika hori hausteko eta beste hiru puntu zakuratzeko. Tolosala KErekin neurtuko ditu indarrak, Maialen Chourraut kiroldegian.

Eguzki Aldaz H.K., sasoi betean

Senior kategoriako Gipuzkoako 1. mailan ari den Eguzki Aldaz Hortz Klinika izan da liga ongien hasi duen taldea. Mikel Narciso eta Cristian Arroyoren jokalariek 9-3 irabazi zioten Gaintxu AFTri, pasa den ostiral iluntzean. Seitik lau neurketa irabazita, hamahiru puntu bildu dituzte. Sailkapenaren goialdean daude, 3. postuan.

Jubenil mailako Eguzki 2KN taldeak ezin izan zuen gainontzeko talde federatuen dinamika jarraitu, eta 5-2 galdu zuen Zarautzen aurka. Denboraldi ona egiten ari da, hala ere: 5. postuan da, hamabi punturekin.

Erlazionatuak