Eguzki klubeko taldeak, ligan konpetitzen hasteko irrikitan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 25a, 10:24
Jokalari eta entrenatzaile, ia ehun pertsonak osatzen dute Eguzki Areto Futbola. Argazkia: Eguzki Areto Futbola.

Eguzki Areto Futbola prest dago hastear den denboraldirako: bost talde federatuetatik lau asteburu honetan hasiko dira ligan konpetitzen. "Guztien helburua da sailkapenen goiko postuetan egotea", azpimarratu du Gorka Redondo koordinatzaileak. Iaz abiatutako gaztetxoentzako eskola indartu du klubak; 30 jokalari murgilduko dira kirol horretan aurten.

Kamiseta hori-berdeak eta areto futbolean aritzeko botak prest dauzkate Eguzkiko jokalariek: klubaren bost talde federatuetatik lauk ligan konpetitzen hasiko dira asteburu honetan. "Helburu bera daukate guztiek: sasoi amaieran ahalik eta ongien sailkatuta egotea", adierazi du Gorka Redondo koordinatzaileak. Dena den, badaki xede horiek gero ez direla beti betetzen. "Partidek jarriko dute talde bakoitza bere tokian". 

Eguzki Aldaz Hortz Klinika Gipuzkoako 1. mailan ariko da, iaz bezala. Mikel Narcisok eta Cristian Arroyok zuzenduko dute taldea. "Jokalariek elkar ongi ulertzen badute, goiko postuetan egon daitezke", aztertu du Redondok. Gipuzkoako Kopan sartuta daude, eta lortu dute hurrengo faserako txartela, Ttakun FTri 1-6 irabazita.

Koska bat beherago lehiatuko da Eguzki ISU Leihoak. Jokalari berri ugari ditu taldeak, baina edozeinen aurka konpetitzeko modukoak. Urte ugariz kantxetan aritutako Jon Arocenak egingo ditu entrenatzaile lanak aurten. Ilusio askorekin ari dira lanean, baina nabaritzen da oraindik saio ugari egin behar dituztela elkarrekin, taldeko kimika hobetzeko. Gipuzkoako Kopatik at geratu dira; Euskaldunaren aurka 1-10 galdu dute.

Emakumezkoen senior taldea, Eguzki Garoa Taberna, laster hasiko da partida ofizialak jokatzen. Oscar Garciak segiko du lemazain lanetan. Jokalari gehienek ere jarraituko dute. "Giro bikaina sortu zuten iaz". Lara Torinos kapitaina osatu bitartean, ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatuko dira.
Harrobian badago aldaketarik: kadete mailan ez da ariko talderik aurten, ez zeuzkatelako behar adina jokalari. Bai, ordea, jubeniletan: Eguzki 2KN eta Eguzki Balerdi lehiatuko dira. Entrenatzaileak, hauek, hurrenez hurren: Francisco Perez Kiski eta Ibai Zamora; eta Edu Mena eta Gorka Redondo. "Jokalariek areto futbolaz gozatzea nahi dugu, eta jokatzen ikastea, etorkizunean goiko taldeetara igo daitezen", nabarmendu du koordinatzaileak.

Gazteen eskola, laster martxan 

Eguzki klubak areto futbola ezagutarazi nahi du herrian. Iaz bezala, gaztetxoen eskola martxan jarriko du laster. Redondok adierazi duenez, 30 gaztetxo apuntatu dira, 2018-19 sasoian baino hiru bider gehiago. Topaketak egingo dituzte hilabetean behin, baina ez dute zehaztu noiz hasiko diren, Gipuzkoako gainontzeko areto futbol eskolekin bilerak egin eta ados jarri behar dutelako. 

Beste egitasmo batzuk ere badituzte esku artean. Hurrengo astean ospatuko ditu Sasoetak auzoko festak –urriaren 4tik 6ra, ostiraletik igandera–; txapelketa antolatuko du Eguzkik. Ttakunen Udako Txokoetan ere parte hartu zuten; neska-mutilei irakatsi zizkieten areto futbolaren oinarriak, jokoen eta ariketen bitartez. "Herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko prest gaude", azpimarratu du Redondok. Eguberriko Txapelketa ere egingo dute, azken urteetan bezala, abendu bukaeran. "Ezer ez litzateke posible babesleen laguntzarik gabe".

Erlazionatuak