Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' nobela proiektua saritu dute

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 14a, 11:27
'Hari single bat' ipuin luzea argitaratu berri du Garzesek.

Augustin Zubikarai saria irabazi du Idoia Garzes idazle lasarteoriatarrak; 24 lan jaso ditu epaimahaiak, eta herritarrarena aukeratu. 'Mendiko gaitza' izena du eleberri proiektuak.

Augustin Zubikarai saria irabazi du Idoia Garzes idazleak, Mendiko gaitza nobela proiektuarekin. 24 lanen artean aukeratu du epaimahaiak herritarrarena, "nobela beltz atipiko bat" dela adierazita. Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkizak deliberatu dute sari hori merezi duen egitasmoari buruz.

Aspergerren sindromea daukan emakume gazte batean oinarritzen da istorioa; Arlet Anaut du izena. Mendian barrena dabilela, kasualitatez, argitara aterako du desagertze baten arrastoa, eta, ondorioz, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dute. Anautek ez du erraz konektatzen jendearekin, eta besteentzat bitxiak diren pentsamenduak eduki ohi ditu. Bera da Mendiko gaitza eleberriaren protagonista nagusia eta narratzailea.  

Berriki argitaratu du Garzesek Hari single bat ipuin luzea. 37. Lizardi Saria irabazi du lan horrek aurten.

Erlazionatuak