Hari hauskorrari tiraka, ezagutzeko

Maddi Zaldua 2019ko urr. 18a, 10:39

37. Lizardi Saria irabazi du Idoia Garzesen 'Hari single bat' ipuin luzeak. Nor garen jakiteko, nondik gatozen jakitea ezinbestekoa dela defendatu du idazleak. Esker oneko agertu da Zarauzko Udalarekin bere buruko ideiak argitaratzeko aukera emateagatik

Idoia Garzes (Lasarte-Oria, 1973) herritarrak. Poltsikoan beti daramatza koadernoa eta boligrafoa, eta batzuetan horretan bildutakoak argitaratzera animatzen da. Horrelaxe gertatu da idatzi duen 'Hari single bat' ipuin luzearekin. Ez du denbora luze behar izan buruko historia papereratzeko: "Behin ideia garbi edukita ez dut denbora askorik behar izaten idazteko". 37. Lizardi Saria, haur eta gazte literaturaren garaile izan da aurten: "Zorionez, ezustean hartu nuen irabazlearen berria".

Asteasuko amona Rufinari eskaini dio ipuina. Gerrako umezurtza da, bere aita gerran hil baitzuten, eta ez dute orduz geroztik bere berririk lortzerik izan. Hortik abiatzen da, hain zuzen, kontakizuna, baina hori besterik ez da pasarte erreal bakarra. 

Arrako izeneko –Izabako Ama Birjinaren izena, Belagua haranean dagoen idazlearen mendi inguru gustukoa– neskato bat da kontakizuneko protagonista nagusia. Amaren baserrira joan da familiarekin, eta ganbarako kutxa batean, zurezko ardatz bat topatu du. Amak azaltzen dio haria iruteko ardatza dela eskuartean duena, belaunaldiz belaunaldi, eskuz eskuz erabili dutena. 

Hortik abiatuta, galderak egiten hasten da Arrako, haria iruten. Baina hainbat ixiltasunekin egiten du topo, eta apurka, hariaren korapiloak askatuz, isiluneak bete eta etendako haria birsortzen du. Iragana eta oraina batzen ditu hari single baten bidez.

Kontakizunean barrena, Gerra Zibileko kontuen berri jasoko du irakurleak, isildutako eta isilarazitako gertakizunen berri, baina ez hori bakarrik. Feminismoaz ere jasoko du: "Nire amona Rufinari eskaintzen diot lana, baina berarekin batera, baita gerra garaian beren seme-alaben bizitzak aurrera atera zituzten emakumeei ere". Horrekin batera, elementu mitologikoak ere agertzen dira.  

Hamabost urtetik gorako edonork irakurri dezake ipuin luzea, baina argi azaldu du Garzesek: "Testuinguru baten berri jakin behar da". Ingurukoengandik jasotako iritziak "oso onak" izan dira, eta bera ere "oso pozik" dago egindako lanarekin. Leire Urbeltz ilustratzailearen irudiekin osatu dute kontakizuna, eta ilustratzaileak egindako lanak ipuina "edertzen" duen moduarekin pozarren dago Garzes; gustura lortutako emaitzarekin. 

Zozketa

Idazleak eskainitako ale bat zozkatuko dugu Txintxarriko irakurleen artean. Gaurtik hasi eta datorren ostegunera arte parte hartzeko aukera izango da, jarraian agertzen den helbidean izena emanda: https://txintxarri.eus/zozketak/hari-single-bat-idoia-garzesen-liburua