Saketik irabazi dute partida

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 12a, 18:23

Egiten denean sinetsiz gero, dena da errazagoa. Galde diezaietela bestela Ostadar Boleiboleko jokalariei. Aurten sortu dute taldea, eta jokalari batzuk hasiberriak badira ere, ikaragarri ari dira hobetzen, eta gero eta batuago daude. Irekiera Torneoa ari dira jokatzen orain, urtarrilean hasiko den Gipuzkoako Txapelketa prestatzeko. 3-0 irabazi diote Fortunari; saketik lortu dituzte puntu asko.

"Oso pozik nago taldearekin: jokalariek sekulako gogoak dituzte entrenatzera etortzeko eta egunetik egunera hobeak izateko; askoz errazagoa da horrelako kirolariekin lan egitea". Asier Acuriolaren hitzak dira horiek, Ostadar Boleibolaren entrenatzailearenak. Gipuzkoako Txapelketa prestatzen jarraitzen dute urdin-beltzek; Irekiera Torneoa jokatzen ari dira orain. Gabonetako oporraldia iritsi aurretik bukatuko dute.

Asteburu honetan poltsikoratu dute aurreneko garaipena, Fortunaren aurka, 3-0. Joan den larunbatean neurtu zituzten indarrak Maialen Chourraut kiroldegian. Lehenengo bi setak ederki jokatu zituen etxeko taldeak: min handia egin zien aurkariei, sakeekin batez ere. "Taldeak erakutsi zuen badoala barneratzen astean zehar lantzen ditugun kontzeptuak", adierazi du entrenatzaileak. Lau eta zazpi puntuko aldeak mantendu zituzten uneoro, eta nahikoa eroso jokatu zuten. 

Hirugarrenean, ordea, komeria gehiago izan zituzten. Galdu egin zuten partidaren kontrola, eta ederki baliatu zuten aukera donostiarren aurrea hartzeko markagailuan: 15-21. Urdin-beltzek ez zuten etsi, ordea, eta lortu zuten egoera iraultzea; beste behin, saketik. 27-25ekoa izan zen azken setaren emaitza. 3-0. Garaipena. 

Gipuzkoako Txapelketa 

Taldearen erreakzioarekin pozik dago Acuriola. "Hirugarren setean jokalariek erakutsi zuten oso lehiakorrak direla, eta azken puntura arte konpetitzeko gai direla". Ostadarrekin batera, beste zazpi talde parte hartzen ari dira Irekiera Torneoan; 2020ko urtarrilean hasiko den Gipuzkoako Txapelketa prestatzeko aukera ezin hobea da. "Jokatu ditugun beste bi neurketak galdu egin ditugu, baina ez nau kezkatzen, normala da. Talde oso indartsuak daude; gu hasi besterik ez gara egin". Senior mailako sei jokalari ari dira Ostadarren; jubenilak dira beste seiak. Horietatik lau aurten murgildu dira boleibolean.

Gipuzkoako Txapelketa jubenil mailan jokatzekoa zen Ostadar, baina baliteke azkenean horrela ez izatea, uste baino talde senior gehiago apuntatu direlako. "Federazioa pentsatzen ari da bi fase final egitea: seniorrentzat bat, eta jubenilentzat bestea", azaldu du Acuriolak. "Ederra litzateke hori: are motibatuago egongo gara". 

Larunbat honetan beste aukera bat edukiko dute herritarrek boleibolaz gozatzeko. Goierriren aurka ariko dira urdin-beltzak, kiroldegian, 15:00etatik aurrera.

Erlazionatuak

Boleibola: Ostadar SKT 3-0 Fortuna

Maitane Aldanondo 2019 aza 12 Kirola

Boleibola itzuli da Lasarte-Oriara

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 20 Kirola