Ideia eta proiektu zoragarrienak eta zoroenak lagunartean jaiotzen dira askotan. Maiatzeko arratsalde batean elkartu ziren Leire Vega, Sara Prieto eta Ainhoa Gonzalez, eta gogoratzen hasi ziren boleibolean aritzen zireneko garaiak, Lasarte-Usurbil BHIn. Duela bizpahiru urte arte aritu ziren, kirol egitasmo hori bertan behera geratu zen arte, baliabide nahikorik ez zeukatelako.
Taldea berreskuratzearen ideia denek zeukaten buruan; Vegak, batez ere. Arratsalde horretan erabaki zuen ahal zuen guztia eta gehiago egingo zuela Lasarte-Oriak boleibol talde bat edukitzeko.
Urrats zailena, eginda
"Bilerak, administrazio tramiteak, jokalarien fitxak... zaila izan da bidea, baina ikaragarri ikasi dut, eta helburua lortu: boleibol talde bat daukagu herrian berriro", nabarmendu du Vegak. Sailaren koordinatzailea da, eta jokalaria ere bai. Bera arduratu da Ostadar SKTrekin harremanetan jartzeaz.
Astean bitan egiten dituzte lan saioak, Maialen Chourraut kiroldegian: astelehenetan, 18:30etik 20:00etara; ostiraletan, 16:00etatik 17:30era. Asier Acuriola da entrenatzailea, orain arte Donostiako Summa Aldapetan aritua –klub horretako infantilak entrenatzen jarraituko du aurten–. "Pazientzia handia dauka gurekin eta asko laguntzen digu; nabaritzen da jokalaria izan zela duela urte batzuk", azpimarratu du Vegak.
Irailean hasi dira lanean urdin-beltzak. Lehenengo saioetan hasiberriekin pasa ditu minutu gehien Acuriolak. Izan ere, jokalari batzuk aurten murgildu dira boleibolean. Hamabik osatzen dute taldea. Herritarrak dira gehienak, eta gazteak: 1998 eta 2002 urteen artean jaiotakoak. 1984koa da beterano bakarra.
Jokalarien adinak kontuan hartuta, senior kategorian lehiatu beharko lukete, baina erabaki dute jubeniletan ariko direla aurten, euren helburu nagusia ez delako ahalik eta partida gehien irabaztea; lehenesten dute elkar ezagutzea, boleibolean ongi jokatzen aritzea, eta, batez ere, disfrutatzea. Horiek dira aurtengo denboraldiko xede nagusiak. Urrian ekingo diote lagunartekoak jokatzeari; liga, aldiz, datorren urtean hasiko da, urtarrilean. Lehen garaipena, aurtengo zailena, poltsikoan dute honezkero: taldea sortu dute; ametsa errealitate bihurtu dute.