Aterpea ez dator bat zaborraren eta uraren eta estolderiaren tasen %5eko igoerarekin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 11a, 18:23
Hipodromo etorbideko zaborrontzien alboan egin dute agerraldia Aterpeako kideek.

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak prentsaurrekoa egin du, salatzeko "onartezinak" direla 2020. urterako ordenantza fiskaletan jasotzen diren hainbat tasa igoera. Zaborrarenak eta ura eta estolderiarenak arduratzen ditu dendari eta ostalariak: %5 igoko dira zerga horiek datorren urtean. Uste dute "desberdintasun handiegiak" daudela etxebizitza partikularrek eta komertzioek ordaintzen dutenaren artean. "Bikoitza baino gehiago pagatzen dugu". 

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteko kideek uste dute "ikerketa serio bat" egin beharko lukeela Lasarte-Oriako Udalak, 2020. urterako onartu berri dituen ordenantza fiskalen inguruan. Arduratuta daude dendari eta ostalariak, ordenantza horietan jasotzen diren zenbait tasaren igoerarekin. Zaborrenarenean eta ura eta estolderiarenean jarri dute arreta: %5 igoko dira horiek datorren urtean. Erabaki horrek areagotu egiten ditu desberdintasunak etxebizitza partikularrek eta komertzioek ordaindu beharreko kantitateen artean. "Bikoitza baino gehiago" pagatzen dutela argudiatuta, udalari galdegin diote mahai politiko bat eratzea, eta "sakonki" aztertzea gai hori. "Sortzen den zaborrarekiko proportzionalak izan beharko lukete ordaintzen diren tasak; denda askok etxebizitzek baino hondakin gutxiago sortzen dituzte urtean zehar". 

Prentsaurrekoa egin du Aterpeak, egoera hori salatzeko. Adibideak jarri ditu elkarteko lehendakari Ramon Ormazabalek. Etxebizitza partikularrek 101,65 euroko zabor-tasa ordaindu beharko dute 2020an. Komertzioek, berriz, "bikoitza baino gehiago". Bost langile baino gutxiago dauzkatenek, 253,80 euro; bostik gorakoek, berriz, 275,75 euro. Ostalariek are gehiago pagatu beharko dute datorren urtean. Bost langile baino gutxiago dauzkatenek, 361,65 euro; bost eta hamar artekoek, 662,95 euro; eta, hamarretik gorakoek, 1.486,10 euro. "Etxebizitza partikularrekin ez du sailkapenik egiten udalak; berdin da zenbat pertsona bizi diren bakoitzean". 

Urriaren 21ean, zuzenketa

Adierazpen labur bat irakurri du Ormazabalek segidan. Jakinarazi du urriaren 21ean zuzenketa bat bidali zuela Aterpeak, ordenantza fiskalei buruzkoa. Dokumentu horretan adierazi zuten "gehiegizkoak" direla diferentziak tasa konkretu horietan: "Justifikaezina da komertzioek eta ostalariek etxebizitzek baino dezente gehiago ordaintzea; negozio askok hondakin gutxiago sortzen dituzte urtean zehar".

Aterpeako kideek uste dute "onartezina" dela zerga horiek %5 igotzea datorren urtean; eskatu dute mahai politiko bat eratzea udalak gai horri buruz hitz egiteko eta desberdintasunak murrizteko.

Erlazionatuak

%1 igoko dira zergak eta tasak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2019 aza 04 Politika