%1 igoko dira zergak eta tasak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 4a, 15:00

PSE-EEren bozkak nahikoak izan dira Lasarte-Oriako 2020. urteko udal-ordenantza fiskalak onartzeko. Funcasek egindako KPIaren aurreikuspena ezarri da orokorrean zerga eta tasa guztietan. Bada salbuespenik, hala nola zinema sarrerak, zabor-tasa, ur-hornikuntza edo estolderia

Ezohiko udalbatzarra izan da gaur goizean. 2020 urtean indarrean izango diren udal-ordenantzak egon dira mahai gainean. Ogasun batzordean landu ostean, 12 izan dira gaurko batzarrean berraztertu diren proposamenak eta bat ere ez da onartua izan. Udal-ordenantzak bozkatzerako orduan, ordea, PSE-EEren aldeko bozka nahiko izan da 2020 urteko tasa eta zerga berriak zehazteko. Gainerako alderdiek abstentziora jo dute.

Era honetara, zergak eta tasak %1a igoko dira. Udal Gobernuak azaldu duenez, "2020ko zergak eta tasak igotzeko erabilitako irizpidea da Funcasen (Aurrezki Kutxen Fundazioa) abuztuko KPIren aurreikuspena aplikatzea urte horretan".

Baina ez da igoera hori orokorra izango. Zabor-tasa eta ur-hornikuntza tasa igoko dira, %5 eta %5,5, hurrenez hurren. Gainera, %20ko igoera ezarri da bide publikoan banagailuak, hau da, vendingeko makinak edo kutxazain automatikoak ezartzeagatik.

Bada izoztu edo jaitsi denik ere. Izoztu egin dira Gizarte Zerbitzuetako, Udal Musika Eskolako eta Euskaltegiko tasak eta Manuel Lekuona kultur etxeko zinema sarrerak eta estolderiaren tasa %8a jaitsi da.

Berrikuntzak ere izango dira hurrengo urteko ordenantzetan. Nabarmenenak Ondasun Higiezinen Zergan aprobetxamendu termikorako edo energetikorako sistemak instalatzen dituzten etxebizitzei zuzendutako %25eko hobaria eta apustu-etxeen, joko-aretoen edo apustu nahiz jokorako web plataformen publizitatea, errotulazioa edo kartelak %100ean kargatzen dituen tarifa dira.

Udal gobernuak eskerrak eman die gainerako alderdiei egindako lanarengatik. Era berean, 2021 urteko ordenantzetako hainbat gai sakon lantzeko mahai tekniko eta politikoa sortuko duela jakitera eman du. Esate baterako, hiri-hondakinen bilketa tasa edo Ondasun higiezinen zergan etxebizitza hutsak nola zigortu aztertuko dute.

 

Erlazionatuak