EAJ: "Herriko saltokiei tasak izoztea defendatzen jarraituko dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 4a, 14:59

Udalbatzarrean, EAJ alderdia izan da bakarra bere abstentzioa azaldu duena. Alderdi jeltzaleko bozeramaileak hurrengo urteko udal-ordenantzak lantzeko prest agertu da

EAJko bozeramaile Jon Antxordokik hainbat argudio eskaini ditu bere abstentzioa azaltzeko.   

Bere hitzetan gaur onartutako ordenantza fiskalak ez dira politikoki oposizioari aurkeztuko lizkiokeenak. Alderdi jeltzaleko kideak aipatu duenez, ez da mahai teknikorik deitu ordenantzen berregituraketa lantzeko, horregatik "ez lirateke gure ordenantzak izango, ez edukiagatik, ez oposizioarekin lan egiteko moduengatik".

EAJk denda txikiek zaborren tasetan Gobernu taldeak planteatutako %5eko igoerak ez izatea defendatzen du; kamioien tarifak izoztuz gero, garraio enpresek udalen diru sarrerak handitzen lagun dezaketela uste du.

Horrez gain, koherentzia eskatu dio Udal gobernuari. "Kulturaren eta euskaltegiaren tarifak izoztu diren bezala, koherentziaz, gazteriaren eta Udako Txokoen prezioak ere izoztu beharko lirateke".

Bestalde, eskua luzatu dio PSE-EEri 2010 urteko ordenantzak lantzeko eta mahai teknikoa ahalik eta azkarren martxan jartzeko eskaera egin du. Mahai horretan Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkartearen eskaerak aurkeztu eta defendatuko dituela eman du jakitera. "Talde honek bakarrik defendatu baitu aurten Ogasuneko batzordean, herriko saltokiek tasa altuak dituztela".