Seniorrak eta infantilak, podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 11:00
Asier Sagastik (eskuinetik hasita bigarrena) brontzezko domina irabazi du Euskadiko Txapelketan, Eibarren. Argazkia: LOKE Judo.

Kiroldegiko tatamian astero egiten ari diren lanak fruituak eman ditu sasoiko aurreneko lehiaketetan. Asier Sagasti seniorrak brontzea irabazi du Euskadiko Txapelketan, Eibarren. Infantilek, berriz, urrezkoa, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. 

Dominak pilatzen ari da Asier Sagasti seniorra. LOKEko judokak bi aste daramatza podiumetik jaitsi gabe: pasa den larunbatean brontzea kolkoratu zuen Eibarren, Euskadiko Txapelketan; astebete lehenago, berriz, urrezkoa, Hernanin jokatutako Gipuzkoakoan. Hiru borrokaldi jokatu zituen Sagastik Eibarren. Bere taldekide Fermin Baldak ere konpetitu zuen txapelketa horretan. Hatz-mamiekin ukitu zuen brontzea berak ere, baina galdu egin zuen borrokaldi erabakigarri hori. Almi Campos kadetea ere lehiatu zen Eibarren.

Infantilen txanda iritsi zen ondoren. Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatu zuten Unai Guisadok, Iker Izquierdok, Ekain Luisek, Aitor Santosek, Unax Urangak eta Julen Ugartek. Bikain aritu ziren guztiak, eta urrezko domina poltsikoratu. "Maila handia dutela erakutsi dute guztiek", nabarmendu du Gorka Aristegi entrenatzaileak.

Erlazionatuak