"Gure helburu nagusia da judo egitera etortzen diren kirolariei pertsona bezala formatzen laguntzea; gero, emaitzak etortzen badira, primeran, baina gure lehentasuna ez da hori". Gorka Aristegi entrenatzailearen hitzak dira. LOKE kirol elkarteko judo saila kudeatzen du, kemenez eta ilusioz. "Oso gustura" dago judokak egiten ari diren lanarekin. Iritsi dira denboraldi hasierako lehenengo txapelketak; gogor ari dira entrenatzen denak.
Iruñean estreinatu dira senior kategoriakoak: Espainiako Superkopa jokatu dute. Fermin Baldak, Josu Olmosek eta Haritz Urdangarinek parte hartu zuten txapelketa horretan, joan den asteko larunbatean. Domina eskuratzetik gertu geratu zen Balda; final-erdietan kanporatu zuten. Olmosek bi borrokaldi irabazi zituen eta zazpigarren sailkatu zen; Urdangarinek, aldiz, ezin izan zuen aurreneko fasea gainditu. "Kontuan hartuta duela hilabete hasi garela entrenatzen, emaitzak onak dira", azpimarratu du Aristegik.
Ordezkaritza zabalagoa eramango du LOKEk asteburu honetan Hernanira, Gipuzkoako Txapelketara: Asier Sagasti, Fermin Balda, Josu Olmos, Eneko Eizagirre, Haritz Urdangarin eta Almi Campos. Arratsaldeko hiruetatik aurrera konpetituko dute guztiek. Hurrengo egunean, igandean, Salamancan ariko da Unai Guisado infantila. Datozen asteetan ere gorriz markatuta dute egutegia judokek. Seniorrek Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Eibarren. Azaroaren 9an, aldiz, Gijonera (Asturias) joango dira juniorrak, Espainiako Kopan parte hartzera. Astebete beranduago, azaroaren 16an eta 17an, infantilek eta kadeteek txapelketa jokatuko dute Amurrion (Araba). Hitzordu garrantzitsua edukiko dute egun horietan seniorrek; ipar sektorea jokatuko dute Euskadiko Txapelketan txartela lortzen dutenek. Sektorean ongi arituz gero, Espainiako Txapelketara sailkatuko dira. Azaroaren 30an jokatuko da, Madrilen.
Gero eta gehiago tatamian
Entrenamenduen martxarekin bakarrik ez, aurten apuntatu diren gaztetxo kopuruarekin ere pozarren dago Gorka Aristegi entrenatzailea. "Hogei bat neska-mutilek izena eman dute, iaz baino gehiagok". Prestatzaileak dio goranzko joera hori sumatzen ari dela Gipuzkoa mailan ere, eta gero eta neska gehiago animatzen direla kirol horretan murgiltzera. Gaztetxoenak astean bitan aritzen dira: astelehenetan eta ostiraletan. Zaharragoak direnek, berriz, asteazkenetan ere entrenatzen dute. "Tatamian ez dira askoz judoka gehiago kabitzen, baina judoan aritzeko gogoa daukan edozein ongi etorria izango da: konpetitzera, gerriko beltza lortzera edo ongi pasatzera etorri", nabarmendu du Aristegik. Herenegungo lan-saiora gerturatu zen Txintxarri kiroldegira, judokekin egon eta talde argazkia ateratzera. Egun horretan ez dira kirolari guztiak joaten, batzuek kanpoan ikasten dutelako: unibertsitateko graduak, graduondokoak, eta abar. Ostiraletan elkartzen dira gainontzeko kideekin. "Horrek betetzen nau gehien: ikustea nola ateratzen dituzten aurrera ikasketak nire ikasleek, judoarekin uztartuz", dio entrenatzaileak.