Asier Sagasti, Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 23a, 12:00

Arg.: LOKE Judo

LOKEko judokak bi hitzordu garrantzitsu izan dituzte asteburuan: Gipuzkoako senior txapelketa eta Villares de la Reinako nazioarteko txapelketa. Bietan bikain ibili dira herriko taldeko judokak eta dominak ekarri dituzte Lasarte-Oriara

Lehengo astean Espainiako Superkopan dominik lortu ez izanaren arantzatxoa kendu dute LOKEko judokek Gipuzkoako txapelketan. Taldeko bi kide podiumean izan dira eta horietako bat, gainera, maila gorenera igo da, Asier Sagasti.

100 kilo azpiko mailan parte hartu du Asier Sagastik eta txapelketa bikaina egin ostean, urrezko domina eskuratu du.

Almi Campos, berriz, 78 kilo azpiko mailako brontzezko postuan sailkatu da. 

Josu Olmos eta Haritz Urdangarin judokek ere parte hartu dute txapelketan eta haien mailako bosgarren eta zazpigarren sailkatu dira, hurrenez hurren.

Igandean, berriz, Unai Guisado gaztea infantil mailako Villares de la Reinako nazioarteko txapelketan lehiatu zen. Lau borrokaldiren ostean, brontzezko domina lortu zuen gazteak.

Asteburu honetan ere ez dute atsedenik izango judoka seniorrek. Euskadiko txapelketa jokatuko da Eibarren eta bertan, Asier Sagasti, Almi Campos eta Fermin BAlda izango dira lehian.

Erlazionatuak