ToxicoWatch fundazioak eta Euskal Herriko enpresa batek lagin ugari hartu dituzte berriki Zubietako erraustegiaren inguruan: arrautzak, hostoak, lurra... Zubieta Lantzen elkarteak sustatu du ikerketa. Erraustegia lanean hasiko balitz, kutsadura neurtzeko eta urtero-urtero konparatzeko datuak bildu nahi ditu.
Aire Garbia plataformako kideek herritarrak deitzen dituzte ekarpenak egitera, ekimen hori bultzatze aldera. Sagardotegi plazan jarriko dute mahaia, Jalgi Kafe Antzokiaren alboan.
Kontzentrazioa gaur arratsaldean
Errausketaren Aurkako Mugimenduak kontzentratzera deitzen ditu herritarrak gaur, 18:30ean, Donostiako Aquariumean. Klima ez da negozioa lelopean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "hipokrisia" salatu nahi du. Naturklima fundazioa sortu du diputazioak, eta Gipuzkoa klimaren alde jardunaldiak antolatu, gaur eta bihar. Horren helburua "Zubietako erraustegia zuritzea" dela salatu du EAMk.