Erreferendumaren aldeko herri ekimena, ikasturte berriko erronka

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urr. 10a, 14:25

"Euskal Herriaren etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea". Hori da Gure Esku Dagoren helburuetako bat. Horretarako, herriz herri ari da aurkezten erreferendumaren aldeko herri ekimena. Antonio Mercero aretora etorri dira dinamika horretako kide Irati Elizalde eta Arkaitz Anza, egitasmoaren nondik norakoak aurkeztera. Lasarte-Oriako GED taldeak antolatu du ekitaldia.

"Erreferenduma ez da delitua". Esaldi hori erabili zuen Gipuzkoako Gure Esku Dagoren ordezkari Irati Elizaldek atzo arratsaldean, Antonio Mercero aretoan. "Herritarron eskubidea da; bada garaia tresna hori legeztatzeko eta erabiltzeko". Martxoaren 31n egin zuen dinamika horrek "etapa berri" baterako urratsa; helburuetako bat da "Euskal Herriaren etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea". Herriz herri ari dira aurkezten erreferendumaren aldeko herri ekimena, ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko, ahalik eta norbanako eta eragile gehienak batuz. "218.000 pertsonak adierazi dute erabakitzeko eskubidearen alde daudela, urteotan egindako galdeketetan –Lasarte-Oriakoa 2017ko maiatzaren 8an egin zuten–; gure anbizioa da are jende gehiagorengana iristea, prozesuaren parte sentiaraziz".

Horretarako, Gure Esku Dagok sustatu nahi du ekimena herritarren eta eragileen artean, elkarguneen bitartez. "Norbanako eta talde askok daukate gaitasuna herritarrengana iristeko: saio irekiak antolatuta, ekarpenak egin ditzakete". Elizalderen hitzetan, "egiteko nagusia" mobilizazioak antolatzea da, ahalik eta jende gehienak parte har dezan. 2020. urteko maiatzerako edo ekainerako egin nahi dituzte. "Indartsu iritsi nahi dugu hilabete horietara, eta eredu izan". Maila nazionalean ari dira beste elkargune bat sortzen, eragile sozialekin eta sindikalekin. "30 bat elkartu gara; jaso dugun erantzuna oso positiboa izan da. Indarrak batu behar ditugu".

Errenteriako GED taldeko kide Arkaitz Anzak badauka esperientzia herritarrak elkartzeko ekintzak antolatzen. Berak hartu zuen Elizalderen lekukoa atzo. "Oinarriak sendoa izan behar du, urratsez urrats indar posizio batetik jarduteko eta herri ekimena gorpuzteko". Adibide grafiko bat jarri zuen pantailan: errepide luze eta zuzen bat, eta mendiak atzealdean. "Erreferenduma mendi horiek dira; bidea zeinen azkar egiten dugun gure esku dago". Lehen fasea izango da herritarren eta eragileen sarea ongi ehuntzea, eta sinadurak biltzea. "Urrats hori zenbat eta irmoagoa izan, orduan eta gertuago egongo da erreferenduma", nabarmendu zuen. 

Lasarte-Oriako GED, martxan

"Erreferenduma: hitz berri bat, erronka berri bat. Pentsatzen ari gara herri ekimena nola gorpuztu herrian". GED Lasarte-Oria taldeko kide Jaione Urruzolaren adierazpenak dira. Berak aurkeztu zituen gonbidatuak atzo, eta dinamikaren bide-orriaren inguruko zertzeladak eman. Berriketan saio bat iragarri dute azaroaren 23rako, larunbata. "Kataluniako egoera politikoa eta soziala landuko dugu; hizlari bat gonbidatuko dugu". Hori eta gero, ohi bezala, lantaldetan banatuko dira, iritziak elkarbanatzeko eta parte hartzaileen proposamenak jasotzeko.

Urruzolak iragarri zuen mobilizazioak antolatuko dituztela laster, Kataluniako gobernuko eta legebiltzarreko agintarien aurkako epaia jakitera ematen duenean Auzitegi Gorenak. "Aurreikusten dugu asteon edo hurrengoan ateratzea sententzia".