Gure Esku Dagoren 'Berriketan' saioa: Iñigo Urrutiarekin solasean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 31a, 16:21

Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok gonbidatuta, estatutu berriaren egitasmoari buruz luze eta zabal aritu zen Iñigo Urrutia aditua, Oriarte institutuan. Elkarrizketa formatuan egindako saioa izan zen; Maider Galardi kazetariak elkarrizketatu zuen Urrutia

Estatutu berriaren bizkarrezurra osatzen ari diren bost adituetako bat da Iñigo Urrutia. Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok gonbidatuta, edukiari buruz aritu zen larunbat goizean, luze eta zabal. Oriarte institutuko Larrekoetxe eraikinean hitz egin zuen. Galdera-erantzun formatuko saioa izan zen, Berriketan egitasmoko hirugarrena. Berriako kazetari Maider Galardik elkarrizketatu zuen Urrutia. Hitzaldira gerturatutako ikus-entzuleek parte hartzeko aukera izan zuten amaieran.

Eusko Legebiltzarrak autogobernua berriztatzeko oinarri batzuk onartu zituen, eta bost jurista izendatu, bizkarrezur hori gorpuztu eta testu juridiko bilakatzeko. Horretan dabil Urrutia egun. Estatutu berri horren funtsezko kontzeptuetako bat da erabakitzeko eskubidearena; atal guztietan agertzen da. Giza eskubideak ere jorratzen ditu. Presentzia handia dute emakumeenek, esate baterako.

Testu juridikoa gorpuzten dutenean, Legebiltzarrera eramango dute berriro. Ondoren, "galdeketa gaitzaile" bat egingo dute EAEn, jakiteko gizartea konforme ote dagoen Espainiar Estatuarekiko harreman "konfederal eta aldebiko" horrekin.

Erlazionatuak