Ostadar SKTk 1996. urtean antolatu zuen aurrenekoz Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. 24 urte pasa dira ordutik, eta aldatu dira hainbat gauza: ibilbidea, parte-hartzaileak eta herria bera. Azken berrikuntzetako batzuk hauek izan dira: patinatzaileek lasterketa propioa daukate; eta, aurten aurrenekoz, ipar martxan aritzen direnek ere bai. Hori da aurtengo edizioko "nobedade nagusia", antolatzaileen hitzetan. "Helburua da lasterketa finkatzea eta martxalarien egutegian lekutxo bat egitea". Parte-hartzaileek 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Gironatik (Katalunia) etorritako talde bat ariko da urriaren 27an, igandea. Ostadar Ipar Martxako kideekin batera pasako dute asteburua: kirol ekintza ugari egingo dituzte, eta bazkariak eta afariak ere bai.
Beste berrikuntza batzuek krosaren sustraiekin dute zerikusia; probaren erroekin. Kategoria desberdinetan irabazten duten lasterkariek ez dute koparik altxako aurten; herriko dendetan, jatetxeetan, tabernetan eta zerbitzu enpresetan erabiltzeko erosketa-bonoak jasoko dituzte. "Lasarte-Oria Bai! egitasmoa jarri zuen martxan Ostadar SKTk helburu horrekin eta krosari ere izen hori jarri zion; filosofia hori oso presente dago proba antolatzen dugunon artean".
Krosaren hazia herriko asfaltoan nola erne den, sustraiak nola bota dituen eta horiek zenbat indartu diren ikusi du Fede Otaegi herritarrak. Orain arte jokatu diren 24 edizioetan parte hartu du. Hori dela-eta, berak eramango du 1 zenbakidun dortsala aurten, "lasterketari erakutsi dion leialtasunagatik", antolatzaileek nabarmendu dutenez. "Fede Otaegiren parte-hartzea ez da mugatzen korrika egitera: beti prest dago itzalpeko lan hori egitera. Ez dauka meritu makala".
Izen-ematea, zabalik
Dagoeneko hasi dira lasterkariak krosera apuntatzen. Momentuz, Internet bidez egin dezakete soilik, www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeetan. Urriaren 17tik aurrera, ostegunez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egongo dira Ostadar SKTko kideak, izen-ematea fisikoki egitea nahiago duten pertsonei laguntzen, astelehenetik ostiralera. Ordutegia, honakoa: 17:00etatik 20:00etara. Lasterketa bezperan, 26an, Michelingo frontoira joatea izango da parte hartu ahal izateko beste aukera bat. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era egongo dira. Lasterketa egunean ere bai, 09:00etatik 10:00etara. Egun horretan izena emanez gero, 20 euro ordaindu beharko dituzte kirolariek. Bestela, 12 –Ostadar SKTko bazkideek, berriz, 8–.
Lasterketen ordutegiak hauek dira: patinatzaileek 10:28an ekingo diote probari; bi minutu beranduago, lasterkariek; eta, azkenik, ipar martxalariek. Geltoki kaletik aterako dira. Patinatzaileek eta korrikalariek 10 kilometroko ibilbidea bete beharko dute.
Korrika Festaren XIX. edizioa
Ohi bezala, helduak helmugaratu eta gero egingo dute lasterka gaztetxoek; 12:15ak aldera hasiko dira. Lehenengo bi lasterketak infantilenak eta kadeteenak izango dira. Jarraian, beste hauek: bost urtekoena; zortzi eta bederatzi dituztenena; hamar eta hamaika urtekoena; eta hamabi eta hamahirukoena. Gero eta urte gehiago izan, orduan eta distantzia luzeagoa bete beharko dute urriko azken igandean: 100, 150, 400, 800 edo 1.200 metro. Geltoki kalea zeharkatuko dute. Kultur etxeko kafetegian izena eman beharko dute guztiek, 5 euroren truke. Haur bakoitzak kamiseta bat, dortsala, edateko jogurt bana eta gailetak jasoko ditu.
Babesleei eta krosaren egunean lanean aritzen diren laguntzaileei aitortza eginez bukatu zuten astearteko agerraldia Ostadar SKTko kideek. Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, Ventanas San Miguel, Lasarte-Oriako Udala, Bertako Igogailuak eta Factory dira babesleak. "Eskerrak eman nahi dizkiegu denei".