Euria eta hotza izan dira igande goizean Lasarte-Orian, baina ez nahikoak korrika festa zapuzteko. Ia 800 pertsonek parte hartu dute urteroko hitzorduan, eta herriko kaleak jai giroan berotu dituzte. Goi mailako atletak ere erakarri ditu aurtengoan herri lasterketak. Lehia estu baten ostean gailendu da Aitor Etxeberria igeldotarra, 31:43ko denborarekin. Aratz Rodriguezek, ordea, ez du esprintean garaipena jokatu behar izan, bakar bakarrik gurutzatu baitu helmuga 36:46 minututan. Hemen irabazleei elkarrizketa.
Eguraldi iragarpen txarra emana zuten, hotza eta euria egin zezakeelakoan. Baina azkenean errespetatu du klimak, soilik tarteka egin baitu euri pixka bat. Aurreskua dantzatu eta irteera eman aurretik egin ditu tanta batzuk.
Lasterketaren argazki galeria ikus daiteke esteka honetan.
Edonola ere, errepidea bustita egoteak baldintzatu du patinatzaileen proba. Irristaka taldeak ezin izan du garaipena eskuratu, Bera-Berako Nicolas Alonso aurreratu baitzaie Tolosaldeako rollerrei; azken zuzenkian esprintean garaitu du Iñaki Zubillaga. Bego Huertasek, aldiz, nagusitasunez irabazi du proba. Igor Otaegi eta Naroa Salsamendi izan dira lehen herritarrak.
Azken rollerra atera eta bost minutura irten dira korrikalariak. Hasiera hasieratik erritmo bizia ezarri dute. Seiko talde bat nabarmendu da lehen kilometroetan: Aitor Etxebarria, Unai Arroyo, Aitor Amilibia, Kamel Ziani, Gonzalo Fuentes eta Raul Gomez Margallo herritarra. Etxebarria bera metro batzuk aldendu da hirugarren kilometroan, baina segituan harrapatu dute. Gomez Margallok ezin izan du hoberenen erritmoari eutsi, baina gertu jarraitu du buruko taldea. Seigarren helmugaratu da, 32:41eko denboran. Lehenengo herritarra izan da aurten ere.
Arroyo eta Ziani erritmoa bizitzen saiatu dira, jakitun baitziren Etxebarria haiek baino azkarragoa izango zela azken metroetan. Baina ez dute lortu. Seiehun metroren faltan erasoa jo, eta bakarrik iritsi da helmugara. Iaz hirugarren egin zuen igeldotarrak, baina gaur txapelera eraman du etxera.
Arroyo helmugaratu da bigarren. Iaz ere Michelingo zuzenkian galdu zuen txapela. Edonola ere, pozik azaldu da sari banaketara. “Bigarren eta laugarren postu batzuk baditut. Taldekideak irabazi du, beraz, kontentu nago. Beste urte batean izan beharko du; etortzen jarraituko dut”. Hirugarren Apalategi Kiroletako Aitor Amilibia izan da. Podiumeko hiru koskak zalpaldu ditu Donostiako taldeak.
Aratz Rodriguez hondarribiarra hasieratik erritmo bizia jarrita, lasterketa buruan jarri da hirugarren kilometroan. Erritmoari eutsi dio, bakar-bakarrik iristeko helmugara. Ane Zabala minutu batera iritsi da, eta Maialen Gurrutxagak lortu du hirugarren postua. Maite Salazar izan da lehen herritarra.
Bestalde, froga moduan ipar martxako 30 bat kide atera dira, bost kilometroko ibilbidea egiteko. Bukaerako metroak korrikalariekin batera egin dituzte, arazorik gabe. Balorazioa egin ostean erabakiko dute hurrengo urtean izen emateak irekitzearen inguruan.
Euskaraldiako hamaikakoak eraman du 1 zenbakidun dortsala, azaroaren 23tik abenduaren 1era egingo duten ariketa soziala bultzatzeko. Kide batzuk lasterketa osoa egin duten arren, eskertza moduan denak batera sartu dira bukaeran. Ohiko eskobak itxi du aurtengo Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia.