Ane Labaka, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 1a, 09:30
Ane Labaka Elgoibargo saioan kantuan. Arg.: Gipuakozko Bertsozaleen elkartea

Elgoibargo saioa irabazi zuen Ane Labaka bertsolariak eta Gipuzkoa Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu da zuzenean

Bertso zaleek Elgoibargo Herri Antzokia bete zuten igandean. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenean Ane Labaka herritarra eta Iñaki Gurrutxaga, Unai Gaztelumendi, Endika Igartzabal, Jokin Uranga eta Eñaut Martikorena  izan ziren kantuan. Labakak saio orekatua egin eta 458,5 punturekin nagusitu zen. Final -zortzirenetako puntuaketa hoberena da oraingoz.

Garaipen horri esker, azaroaren 2an, larunbata Azkoitian jokatuko den final-laurdenean izango da herritarra.

Oholtza gainean kide izango dituen bertsolariak erabakitzeke daude. Izan ere, larunbatean, Lasarte-Orian jokatuko den saioak erabakiko baitu sailkapen orokorreko zein bertsolarik egiten duten aurrera. Final-zortzirenetako irabazleez gain, hamazpi bertsolarik lortuko dute txapelketan aurrera egitea. Orain arteko emaitzen arabera, Unai Muñoa herritarra sailkatua egingo litzateke; Asier Azpirozek, ordea, saioaren nondik norakoak adi jarraitu beharko ditu. Norbaitek 423 puntu baino gutxiago lortuz gero, final-laurdenean egongo litzateke.

Manuel Lekuona kultur etxean sei bertsolarik bilatuko dute txartela: Aitor Salegi, Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre. 

Larunbatean Manuel Lekuonako saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. Sarrerarik geratuz gero, saioen egunean 16:00etan txarteldegian erosi ahalko dira. 

Bada bi sarrera doan lortzeko aukerarik ere, TXINTXARRIk bere irakurleen artean zozketa egingo baitu. Eman izena bihar, urriaren 2ra arte.

Erlazionatuak