Muñoa eta Azpiroz bertsolariak Ordizia eta Zumaian bigarren

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 26a, 12:00
Unai Muñoa Zumaiako saioan kantuan. Arg.: Bertsozale elkartea.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hiru final-zortziren geratzen dira eta emaitzen zain egongo dira final-laurdenetara sailkatu diren jakiteko. Ane Labakak Elgoibarren kantatuko du igandean. Urriaren 5ean, berriz, Lasarte-Orian jokatuko da azken final-zortzirena

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hirugarren eta laugarren final-zortzirenak jokatu ziren lehengo asteburuan, Ordizian eta Zumaian. Earra bertso eskolako Asier Azpiroz eta Unai Muñoa izan ziren kantuan. Biek eskuratu zuten bigarren postua euren saioan.

Ordiziako Herri antzokia bete zuten bertsozaleek larunbatean. Beñat Lizasok garaipena lortu zuen eta bere atzetik, Asier Azpiroz sailkatu zen 423 punturekin. Hamarreko txikian eta kartzelan lan ona egin zuen Earra! bertso eskolan aritutako gazteak, baina Lisazok saio biribilagoa egin zuen. Aurkezle lanetan, Maddi Labaka herritarra egon zen.

Igandean, Aita Mari Zineman, Gorka Maizek sei puntu eta erdiko tartea atera zion bigarren sailkatuari, Unai Muñoa bertsolariari.
Lan guztietan fin ibili zen Muñoa, baina kartzelan puntuak galdu zituen eta azkenean, 434,50 puntu eskuratu zituen.

Muñoa eta Azpiroz falta diren final-zortziren menpe daude txapelketan aurrera egiteko. Izan ere, final-zortzirenetako irabazleez gain, puntuazio hoberen duten hamazazpi bertsolarik parte hartuko dute txapelketako final-laurdenetan.

Labaka, Elgoibarren

Asteburu honetan, berriz, Zumarraga-Urretxu eta Elgoibarren dira final-zortzirenak. Azken horretan, Lasarte-Oriako ordezkari bat dugu, Ane Labaka.
Labakak Iñaki Gurrutxaga,Unai Gaztelumendi, Endika Igartzabal, Jokin Uranga eta Eñaut Martikorena izango ditu buruz buru igandean.

Bestalde, urriaren 5ean, larunbata Manuel Lekuona kultur etxea hitz eta doinuez beteko da, Gipuzkoako txapelketako azken final-zortzirena jokatuko da-eta.

Oholtzan Aitor Salegi, Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre izango dira. Imanol Artola izango da aurkezlea.

Elgoibar eta Lasarte-Oriako saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. Sarrerarik geratuz gero, saioen egunean 16:00etan txarteldegian erosi ahalko dira.