Herriko areto futbol txapelketako izen-ematea, martxan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 25a, 10:15
Iazko edizioko finalistak, Insausti eta Patricio, elkarrekin, partida bukatu eta gero.

Lasarte-Oriako Udalak eta Sportmadness enpresak antolatuko dute herriko areto futbol txapelketaren aurtengo edizioa. Urriaren 6ra arte eman dezakete izena lasarteoriatarrek, igandea. Antolatzaileek hamalau talde onartuko dituzte, gehienez.

Nork altxako du garaileen kopa aurten? Eta kontsolazio fasekoa? Gero eta gutxiago geratzen da galdera horiek erantzuteko; udalak eta Sportmadness enpresak martxan jarri dute herriko areto futbol txapelketako izen-ematea. Azkeneko eguna urriaren 6a izango da, igandea. Leverade izeneko aplikazioan egin behar dituzte apuntatzeko urrats guztiak.

Antolatzaileek jakinarazi dute hamalau talde onartuko dituztela gehienez, eta errespetatuko dutela izen-emateen ordena. Alegia, kopuru hori gaindituko balitz, lehenengo hamalauek jokatuko lukete txapelketa, eta kanpoan geratuko lirateke gainontzekoak. 445,50 euro balio du kirol ekitaldi horretara apuntatzeak. Jokalarien gutxieneko adinari buruzko oharrak ere eman dituzte: 16 urte baino gutxiago dituztenek ezingo dute jokatu.

Txapelketako partida gehienak Michelingo kirol guneko kantxan jokatuko dituzte. Finalak, aldiz, Maialen Chourraut kiroldegian. Asteburu bakoitzeko emaitzak, taldeen eta jokalarien estatistikak...mugikorretik kontsultatzerik edukiko dute herritarrek, Leverade aplikazioa jaisten baldin badute.

Patricio Cocktail bar, iazko irabazlea

Patriciok eta Insaustik jokatu zuten iazko edizioko final handia: 4-1 irabazi zuten lehenengoek, eta txapelketa aurrenekoz irabazi. Ikusteke dago balentria errepikatuko ote duten, edo beste talderen batek hartuko duen lekukoa. Kontsolazio fasea Trumoik poltsikoratu zuen, Viña del Marri 2-0 gailenduta. 

Finaleko jokalari onena Aitor Sanz atezaina izan zen (Patricio); golegile nagusia, Ander Pecharroman (Insausti).

 

Erlazionatuak

Insausti-Patricio (1. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 02 Kirola

Insausti-Patricio (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 02 Kirola