Patriciok irabazi du herriko areto futbol txapelketa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 2a, 10:54
Insausti eta Patricio taldeetako jokalariak, partida bukatu ostean.

Patricio Cocktail Bar taldeak irabazi du herriko areto futbol txapelketa. Insausti Tabernarekin neurtu ditu indarrak Maialen Chourraut kiroldegian, eta 1-5 irabazi. Pasa den urteko arantzatxoa kendu dute jokalari gazteek. Gorri-beltzek, aldiz, ezin izan dute txapeldunen kopa altxa, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan dute. Kontsolazio fasea Trumoi Tabernak irabazi du

Zelaiaren alde batean, ikaragarrizko poza. Bestean, erabateko tristura. Txanponaren bi aldeak. Hala gertatzen da urtero-urtero herriko areto futbol txapelketan. Aurtengo edizioan Patricio Cocktail Bar taldeak egin du irribarre, eta iazko arantzatxoa atera: penaltietan galdu zuten Buenetxearen aurka. Atzo arratsaldean, berriz, 1-5 irabazi zioten Insausti Tabernari, eta euren historiako lehenengo txapelketa irabazi. Gorri-beltzak gogotik saiatu ziren, baina ez zuten ohi bezala jokatu eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Azken hiru urteetan bi aldiz ukitu dute txapelketa hatz mamiekin. Datorren urtera arte itxaron behar. Kontsolazio faseko finala jokatu dute partida horren aurretik: Trumoi Tabernak 2-0 irabazi dio Viña del Mar taldeari.

Bi taldeek apur bat urduri ekin diote partidari. Inor ez da gailendu, baina puntuetara erabaki beharko balitz nor ari zen hobeto, Insaustik irabaziko zuen. Abagune gehiago sortu zituen aurreneko minutuetan. Adibidez, Ander Pecharromanek sareetara bidalitako jokaldia. Area ertzean falta egin zioten, penalti eremutik oso gertu. Jaurtiketa ez zen izan penaltia, falta baizik, baina berdin zion aurtengo txapelketako golegile nagusiari. Hankaren barneko aldearekin jo zuen baloia, eta sareetara bidali. Gogotik ospatu zuen gola Insaustik.

Gola jasotakoan, burua makurtu ordez, lehen zatiko minutu onenak jokatu zituen Patriciok. Bizkor atera zen kontraerasora, eta min egin zion Insaustiren defentsari. Nolakoa den futbola: oso gertu izan zuen 2-0ekoa Insaustik, baina Lander Martinen jaurtiketaren aldaratzea Iker Artetxek jaso, baloia bizkor eraman zelai erdiraino, Mikel Gonzalezi pasa, eta honek Julen Bermejori. Jokalari gazteak ez zuen hutsik egin eta banakoa ezarri zuen markagailuan. Handik gutxira sartu zuen Patriciok 1-2koa, lehen zatia amaitzear zela: Asier Sagasti atezainak ezin izan zuen baloia ongi hartu eskuekin, eta Kevin Tiatik sareetara bidali zuen aldaratzea.

Patricio nagusi bigarren zatian

Insausti Taberna gogotik saiatu zen markagailuari buelta ematen, baina Patriciok dezente hobeto jokatu zuen bigarren zatian. Gol aldea mantentzearekin aski ez, eta beste hiru sartu zituen: Asier Sanchez (2) eta Gorka Marcos izan ziren golegileak. Partida amaitzear zela, tentsioa eta bi taldeek jokoan zutena tarteko, jokaldi beroren bat edo beste egon zen, baina sariak jaso ostean bi taldeek elkarrekin atera zuten argazkia, kiroltasunez. 

Txapeldunen faseko azken neurketa baino lehen, kontsolazio finala jokatu zuten Trumoi Tabernak eta Viña del Marrek. Esperientzia gehiago dute gisa horretako partidetan Trumoikoek, eta erakutsi zuten atzo ere: 2-0 irabazita eraman zuten kopa etxera.

Ander Pecharroman (Insausti Taberna) izan da aurtengo txapelketako golegile nagusia. Finaleko jokalari onena, berriz, Patricioko atezain Aitor Sanz.

Erlazionatuak

Insausti-Patricio (1. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 02 Kirola

Insausti-Patricio (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 02 Kirola