Euskaraldiaren emaitzak ikertu ditu Soziolinguistika Klusterrak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 17a, 17:47

'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ariketa soziolinguistikoa ikertu du Soziolinguistika Klusterrak, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Asteon aurkeztu ditu emaitzak. Aldaketak eragin ditu ariketa horrek parte-hartzaileen hizkuntza ohituretan eta euskararen presentzian, besteak beste.

Euskaraldian parte hartu zutenen erabilera %67koa zen hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa horri ekin aurretik. Ekimenak iraun zituen 11 egunetan zehar, %87ra igo zen. Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera –azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraun zuen–, %72koa zen erabilera. Igoera totala, bost puntukoa. Horrelako hainbat datu jaso ditu Soziolinguistika Klusterrak, Euskaraldiaren eragina neurtzeko egin duen ikerketan. Atzo aurkeztu zuen txostena.

2016. urtean egin zen azken aldiz Euskararen Maratoia Lasarte-Orian. Bertan entzun ziren aurrenekoz ahobizi eta belarriprest hitzak, Euskaraldian gako izan diren bi rolak, hain justu. Herrian egindako Irten armairutik! ekimenak erakutsi zuen gisa horretako ariketak baliogarriak direla biztanleen hizkuntza ohituretan eragiteko, klusterrak egindako ikerketan frogatu denez. Ikerlariek atera duten ondorioetako bat, hauxe: "Ariketa soziolinguistiko egokia izan da Euskaraldia; parte-hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen".

Euskaraldiak erakutsi du eragin handia izan duela esperimentua gauzatu bitartean, 11 egun horietan. Hiru hilabetera egindako galdeketetan, aldiz, apalagoa izan zen eragina. Dena den, eragin zituen aldaketak. Beste adibide bat: euskararen presentzia %57koa zen ariketa soziolinguistikoari ekin aurretik; azaroaren 23tik abenduaren 3ra, %73koa; eta, hiru hilabetera, %60koa. 225.000 pertsonak jarri zituzten ahobizi edo belarriprest txapak pasa den udazkenean. Ikerlariek egindako hiru galdetegiak, berriz, 18.400 lagunek bete dituzte, borondatez. Beste 450 parte-hartzailerekin ikerketa kualitatibo bat egin dute. 

Erlazionatuak

3.000 herritar, Euskaraldiarekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2018 aza 30 None