3.000 herritar, Euskaraldiarekin bat

3.000 herritar, Euskaraldiarekin bat
2.000 bat pertsonek izena eman zuten 'Baietz 40 egun euskaraz!' erronkan; bi urte beranduago, 1.000 herritar gehiago animatu dira hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientzia bizitzera

Lasarte-Oriako hamaikakoa herriko 3.000. partaidearen bila atera zen atzo pintxo pote garaian. Musika lagun tabernaz taberna ibili ziren izena emateak biltzen, baita lortu ere. Yon Mikel Rodriguez izan zen zortekoa. Hamaikakoak diploma bat eman zion oroigarri gisa.

Orain dela bi urte, Lasarte-Orian egin zen Baietz 40 egun euskaraz! erronkan ia 2.000 pertsonek parte hartu zuten. Esperientzi horretan jaio ziren Euskal Herria guztira zabaldu diren ahobizi eta belarriprest rolak. Antolatzaileak pozik agertu dira egitasmoak hartu duen indarrarekin. 

Horregatik, herritarrak gonbidatzen dituzte, aurreiritziak alde batera utzi, egitasmoan parte hartu eta 11 egunez txapa agerian eramatera, "mereezi baitu".

Gomendioak

Euskaraldia eguneroko hizkuntza-inertziei astindu bat eman eta ohitura-aldaketak abiatzeko aukera ona dela azpimarratu dute antolatzaileek. Horretarako, norberak hausnarketa txiki bat egitea garrantzitsua dela adierazi dute.

"Ahobizien kasuan, aukera paregabea da elkarrizketa elebidunak probatzeko. Aldi berean, garrantzitsua da, belarriprestak hala behar badu, behintzat, polikiago eta lasaiago hitz egiteko ariketa ere egitea. Belarriprestem kasuan, eragingarria da oso ahobiziei euskaraz egin diezaiela gogoraraztea, horrek ahobizien ohitura-aldaketa asko errazten duelako."

Esperientziari buruz hitz egitea eta ingurukoekin nola doan partekatzea ere gomendatzen dute.