Lasarte-Oriaren egoera aztertzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 5a, 18:05

Hasi da Lasarte-Oriako ikasturte politikoa. Lasarte-Oriaren egoerari buruz eztabaidatu dute korporazioko kideek, ezohiko saioan. Parte-hartzea, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, kiroldegi berria eta 2020ko aurrekontuak izan dituzte hizpide, besteak beste.

Jesus Zaballos alkateak egin zuen analogia: "Herrigintza tren bat bezalakoa da: aldatu daitezke bidaiariak legealdi batetik bestera, gidaria ere bai agian, baina trenak martxan jarraitzen du beti". 2019-2020 ikasturtekoa abiatu da honezkero. Aurreneko geltokia, Lasarte-Oriaren egoera zein den aztertzea. Ezohiko saioa egin zuten atzo, eta hainbat gairi buruz hitz egin. Korporazioko hamazazpi kideetatik hamabost egon ziren, Estitxu Alkorta (EAJ) eta Tania Rodriguez (Elkarrekin Podemos) izan ezik.

Ideologia eta kolore desberdinetako alderdiak izanik, ez da harritzekoa herria ikusteko eta ulertzeko ikuspuntuak desberdinak izatea. Guztiek dute helburu berbera, ordea: Lasarte-Oria hobetzea. Akordiotara iristeko prest daudela nabarmendu zuten guztiek atzo goizean. 2020ko aurrekontuena izan daiteke borondate on horren adibide bat. Alkateak iragarri zuenez, zirriborroa idazten hasi aurretik formazio politiko guztiekin eseri nahi du mahaian. 

Ordenantza fiskalak ere labean daude. "Ez da egongo ezusteko handirik: KPIa bezainbeste igoko dira zergak datorren urtean", adierazi zuen Zaballosek.
Aldaketa gehiago. Udalak kultur arloan dabiltzan elkarteekin  sinatzen dituen diru-laguntza hitzarmenek legealdiak beste iraungo dute: lau urte. Auzo aholkularitza batzorde bat ere sortuko dute, herritarren kexak eta proposamenak jasotzeko.

Parte-hartzea nola sustatu

Parte-hartzea izan zen mahai gainera gehien irten zen gaietako bat. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile David Ares: "Kontua ez da ahalik eta prozesu gehien abiatzea, egiten direnak eraginkorrak izatea baizik". Estitxu Garmendiak (EH Bildu) honako gogoeta egin zuen: Udalaren politika egiteko modua urrun dago herritarrengandik". Bi alderdi horiek galdetu zuten ea zenbateraino den parte-hartzailea udalerriaren egoerari buruzko plenoa astegunez eta goizez egitea.

Zaballosen hitzetan, ez da erraza beti modu aproposean iristea herritarrengana. "Ez dago parte-hartze eredu ideal bat; kasuaren arabera bilatu behar da modu onena". Adierazi zuen eraginkorragoa dela udala hurbiltzea herritarrengana, alderantziz baino. Pasa den ikasturtean egindako ekimena jarri zuen adibidetzat: auzoz auzoko bulegoa. EH Bilduko Jon Martinen iritziz, ordea, parte-hartzeari "garrantzia handiagoa" eman behar dio udal gobernuak.

Kiroldegi berria eta Atsobakar 

Kiroldegi berria eraikitzea da legealdi honetako "erronka handienetako bat", Zaballosen aburuz. Esan zuen urte bukaeran erabakiko dutela zeinek egingo duen proiektua. Bost aurkeztu dituzte guztira. Udalak Atsobakarren egin nahi duen kirol gunea (futbol zelaia eta atletismo pista) horri oso lotuta doa. Usurbilgo udalarekin oraindik ados jarri ez denez, alkateak adierazi du "epaitegietara" joko duela. "Ez gaude ados guk aurkeztutako txostena zuzentzen ari diren moduarekin".

Elkarrekin Podemosek uste du "denbora gehiegi" pasa duela udal gobernuak Usurbilekin ika-mikan. "Ez al da posible beraiekin ados jartzea?", galdetu zuen Aresek. Egitasmo horren funtsari buruz jardun zen EH Bilduko bozeramaile Jon Martin: "Herritarrentzat onuragarriena den proiektua izatea lehenetsi beharko luke udal gobernuak, ez Atsobakarren kirol gunea bai ala bai egitea". 

Hiri antolamendurako plana 

Udalaren beste eginbeharretako bat da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, orain arte indarrean egon diren arau subsidiarioak ordezkatuko dituena. "Ez dugu moldaketarik egingo: ez ditugu metro karratu gehiago gehituko eraikigarria den lurrari", esan zuen alkateak.

EH Bilduk uste du "lanabes egokia" izan daitekeela plan hori, eraikita edo eraikitzen hasiko diren zenbait azpiegituren ondorioak saihesteko, Uxue Loinaz zinegotziak azpimarratu zuenez. "Erraustegiak, makro kartzelak edota merkatalgune handiek arriskuan jar dezakete Lasarte-Oriaren izaera". Elkarrekin Podemosen iritziz, plan horrek herritarren beharrizanak jaso beharko lituzke. "Ongi definitu eta zehaztu behar dugu zer motatako hirigintza eredu nahi dugun herrian".

Euskarak ere izan zuen tarterik atzoko saioan. Alkateak aipatu zuen Ttakun KErekin hitzarmena berrituko dutela, hizkuntza hori sustatzen jarrai dezan. Udako Txokoei buruz, esan zuen udal gobernuak erabaki egin behar duela enpresa kudeatzailearekin duen kontratua berritu edo ez.

 

Erlazionatuak

EAJ: "Akordioetara iristeko garaia da"

Txintxarri Aldizkaria 2019 ira 05 Politika