Egun osoko egitaraua Karmengo Amaren ohorez

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 14a, 09:00
Gorputza mugitzeko aukera izango da aurten ere zumba saioan.

Uztailaren 16an, adin guztietarako ekintzak egingo dituzte Oriako auzoan

Uztailaren 16a, asteartea, Karmengo Amaren eguna. Oriatarren egutegian gorriz markatua dagoen eguna da, auzoko zaindariaren eguna egun handia baita. Urteak dira auzotarrek hitzordu garrantzitsu hori ospatzen dutena, eta aurten ere, La Esperanza Bizilagun elkarteak hainbat erakunderen laguntzarekin egun osoko egitaraua antolatu du astearterako.

Ttirriki Ttarraka trikitilari elkarteko kideek esnatuko dute auzoa haien doinu alaiekin.

Tailerrak, buruhandiak, ur-pistola eta puxika gerra, askaria... haurrentzako jarduera ugari izango da egunean osoan auzoan eta Brunet-Enea lorategian.

Helduek, berriz, usadiozko meza izango dute Karmengo Amaren kaperan eguerdian eta hori amaitzean, pintxo batzuen inguruan solasean egoteko aukera izango dute auzotarrek.

Iazko arrakasta ikusirik, toka txapelketaren bigarren edizioa egingo dute bazkalostean.

Oriako Sorgin Dantzak ere izango du bere protagonismoa. Duela mende bete baino gehiago Brunet fabrikako langileek ezagutzera eman zuten dantza gaur egunera arte mantendu da. Helduen zortzikoteko kideak Karmengo Amaren kapera ondotik aterako dira kalejiran Brunet-Enea lorategira eta bertan saiotxo bat eskainiko dute.

Honez gain, gorputza mugitzeko aukera ere izango dute arratsaldean Brunet-Eneako lorategian. Lehenik, zumba saioa izango da Saito gimnasioko kideen eskutik, baita Kangoo erakustaldi bat ere. Eta egunari amaiera emateko Ibai Berriak taldearen doinuez gozatuko dute.

Erlazionatuak

Karmengo Amaren Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2019 uzt 12 Kultura